argia.eus
INPRIMATU
Etxerik ez duten herritarrei babesa adierazi eta uztailaren 3rako kanpaldia deitu dute Gasteizen
  • Udalaren gizarte politikekiko hitzezko konpromisoa ez dela ekintzetan islatzen salatu du Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterkeriaren Kontrako Ekimenak. Lakuako etxegabeen zentroko egoiliarrek euren salaketak berretsi dituzte agerraldi berean. Kanpaldia eta asanblada irekia antolatu ditu ekimenak, kale gorrian inor ez egotea aldarrikatzeko.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko ekainaren 24a
Gasteizen etxerik ez duten herritarrek bizi duten egoera salatu dute.

Konfinamendua hastean udalak etxegabeentzako ireki zuen Lakuako frontoiaren aurrean egin dute prentsaurrekoa asteazken eguerdian. Gasteizko dozenaka eragile sozial eta sindikal barnebiltzen ditu ekimen herritarrak. Bertan izan dira pandemia amaitzean berriz ere kalean utzi ez ditzatela aldarrikatuz idatzia argitaratu duten zentroko zenbait egoiliar. Etxebizitza publikorako itxaron zerrenda luzeak, gizarte zerbitzuen saturazioa, etxegabetzeak epaitegien aginduz, Olarizuko etxeei ur eta argi mozketa udalaren ekimenez... Hiriak "bizitegi-larrialdia" konfinamendu aurretik bizi duela azpimarratu du hiriko dozenaka elkarte eta mugimendu barnebiltzen dituen ekimenak, pandemiak larritasuna areagotu duela seinalatuz. Udal arduradunak gezurretan ari direla salatu du Maialen Sáez de Ocáriz Ruiz de Sabando bozeramaileak: "Inor atzean ez uztearen hori, eta auzolanaren hori, kapitalaren negozioengatik eta korporazio handien interesagatik esaten dute, ez hiri honetan bizi garen herritarrongatik".

Lakuako frontoian gertatzen ari dena aipatu "larrialdi egoeraren erakusgarri nagusia" dela azpimarratu du Sáez de Ocarizek, eta horregatik eman dutela prentsaurrekoa bertan. Gogoratu du bi hilabete lehenago agertu zutela kezka jada, konfinamendua amaitzean Lakuako frontoiko erabiltzaileak kalera bueltatu araziko ote dituzten: "Gaur egun, Udalak etxerik gabeko pertsonei merezi duten arreta eskaini gabe jarraitzen du".

Kanpaldia eta asanblada irekia

Hori guztia salatzeko, kanpaldira eta asanblada ireki batera deitu ditu gasteiztarrak Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterkeriaren Kontrako Ekimenak. Uztailaren 3rako antolatu dute, Udaletxe aurreko Plaza Berrian: "Gasteizen ez dugulako inor kale gorrian nahi".

Ekimenaren bozeramaileek babesa agertu diete Lakuako zentroko erabiltzaileei eta berriki egin dituzten aldarrikapenei. Jarraian erabiltzaileetako batek hartu du hitza. Haietako 23 lagunek argitaratu duten testuaren mamia aletu du Luis Álvarez Lópezek. Hilabeteotako haien bizi baldintzak eta bizipenak azaldu eta konfinamendu ostean ez ditzatela berriz ere kalean utzi, aldarrikatu du.