argia.eus
INPRIMATU
Etxegabeak babesteko neurriak eskatu dituzte
  • Koronabirusaren krisiak sortu duen egoera berrian, kalean bizi direnak babesteko neurririk ez da hartu; are gehiago, zituzten baliabideak murriztu dira, euren egoera okertuz. Hala salatu du Donostiako Herritarren Harrera Sareak eta neurri zehatzak eskatu ditu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko martxoaren 16a

“Beste behin, krisiaren aurrean hartu diren neurriek gizarteko sektorerik zaurgarrienak kaltetuko dituzte” salatu du Sareak. Donostian kalean bizi direnak gutxienez ehun direla gogoratu dute, baina antzeko babesgabetasunean daude beste herrietan ere. Udalari eskatu diote, besteak beste: lo egin ahal izateko lekuak ahalbidetzeko (neguan martxan jartzen direnen modukoak); gutxieneko higienea bermatu eta egunean zehar egon ahal izan dezaten pertsona hauentzako eguneko zentroak bideratzeko; janaria helarazteko; eta kalean egoteagatik isunik ez jartzeko.

Aipaturikoak "gutxieneko neurri urgenteak” direla azpimarratu du Sareak. Alkatearekin bilera eskatuko dutela ere jakinarazi dute.