Hogei etxebizitza ttiki eta mugikor bideratuko dizkie sozial arloan dabilen Atherbea elkarteak etxegabeei. Behingoan, bertan egoteko aukera ez dute denboran mugatua izanen eta gainera, autonomiaren berreskurapena helburu gisa jarririk, forma ezberdinetako laguntzak eta segipenak jasoko dituzte.
"Trantsizio gisa" eta "denboran mugarik jarri gabe" aterpetzeko aukera eskainiko zaie etxegabeei, hogei bat etxe mugikor proposatuz Ipar Euskal Herrian barna. Mobil’homes edo tiny houses moduko etxebizitzak izanen dira. Berehalakoan aterpetzeaz gain, autonomia berreskuratzeko helburu argiarekin eramanen dute egitasmo berri hau. Hain zuzen, mota ezberdinetako laguntzak eta zerbitzuak jasoko dituzte bertakoek –izan enplegurako, osasunerako, sozial arloan ala beste–. Justuki, sozial arloan dabilen Atherbea elkarteak du kudeatuko "birgizarteratze" bide hau, etxebizitza sozialen esparruko Habitat Sud Atlantiquen sustenguarekin. Instituzioen babesa ere ukanen dute, finantziaziorako –tartean, Frantziako Estatuarena, ikusirik urteko 200.000 euroko aurrekontua onartu duela Parisek–. Aterpetzeko aukera beharrean den orori irekia baldin bada ere, 18 eta 25 urte arteko etxegabeak dituzte lehentasunetan.
Etxebizitza hauentzako espazioa bilatzen dabil elkartea, eta herriko etxeei luzatua die deia. Biztanleria handia duten hirietara begira dira hasteko, bertan dutelako behar handiena
Eguneko harrera proposatzen dabiltzan aterpe sozialetara 1.300 lagun bertaratu ziren 2020an, guztira 25.000 pasarterekin. BABn berrehun lagun daude etxerik gabe, horietatik %20 emakumeak direlarik. Horrez gain, aterpetzeko zailtasunetan dira herritar askoz gehiago, etxebizitzen prezio altuengatik. Paraleloki, milaka etxebizitza dira hutsik Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, erabili gabeak ala bigarren etxebizitza gisa gehienetan hutsik direnak.