Iruñeko Udalak adierazi du gizonaren heriotza “ezin dela lotu” baliabide faltarekin, eta “behin baino gehiagotan” eskaini zaiola aterpea. Iruñerriko Kontseilu Sozialistako Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea egin du gizonaren heriotza salatzeko.
Etxegabe bat kaleko banku batean hilda aurkitu dute udaltzainek, Iruñeko Donibane auzoko Azuelo Monasterioan. Ostiraletik larunbaterako gauean aurkitu dute gizonaren gorpua, 2:00ak aldera, eta lehen ikerketen arabera, “modu naturalean” hil da. Espainiako Polizia heriotza ikertzen ari da.
Iruñeko Udalaren adierazpenak
Eztabaida piztu du aferak, izan ere, Iruñeko Udaleko zinegotzi Txema Mauleonek abenduaren 28an adierazi zuelako kalean ez zela inor lo egiten geratuko: “Gizarte zerbitzuetan aterpea eskatzen duen orori eman zaio erantzuna”. Joseba Asiron alkateak udal agintera iritsi zenean, bere helburu zela adierazi zuen etxegabeentzako baliabideak jartzea. Horrez gain, aterpean ordu gehiagoz geratzeko aukera izango dela azpimarratu zuen. Hala ere, nabarmendu zuen kasu batzuetan pertsona batzuk ez dutela aterperik nahi, eskaintzen zaien arren.
Larunbat gaualdean gizonaren gorpua aurkitu ostean, Iruñeko Udaleko zinegotzi Joxe Abaurreak larunbat goizean adierazpenak eman ditu udalaren izenean. Abaurreak jakinarazi duenez, gizonari “behin baino gehiagotan” eskaini zitzaizkion baliabideak: “Gaia konplexua da. Herritar batzuek ez dituzte onartu nahi eskaintzen zaizkien bitartekoak eta horren aurrean ezin da inor behartu”. Adierazi du lehentasuna izaten jarraitzen duela kalean bizi direnen egoera hobetzeak: “Asteburuan izandako etxegabearen heriotza ezin da zuzenean lotu baliabide faltarekin”.
Kontseilu Sozialistaren mobilizazioa
Ezbeharraren aurrean, Iruñerriko Kontseilu Sozialistako Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea deitu du gizonaren heriotza salatzeko. Udaletxeko plazan bildu dira 18:00etan, Kapitalismoa hiltzailea lelopean.
Sindikatuko ordezkari Iker Narbonak Euskalerria Irratian adierazi duenez, “basakeria” da gertakaria: “Gizate kapitalistari berezkoa zaio halako egoerak existitzea”. Bestalde, udalak etxegaberik ez zegoela esan izana kritikatu du: "Baieztapen ausarta da. Neurriak hartu dituzte etxegabeen egoerak hobetzeko, baina arazo erreala ukatzeko ere baliatzen ari dira”.