argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitzen alokairua arautzeko eskatu dute, gazteak emantzipatu ahal izateko
  • Etxebizitza lortzeko eta ondorioz gazteek emantzipatzeko duten arazoa mahai gainean jarri du Ernai gazte antolakundeak. Hainbat neurri proposatu dizkie Euskal Herriko administrazioei, eta horietako bat lehenetsi dute: alokairua arautzea; “ezinbestean eman beharreko pausoa”.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 23a
Argazkia: Hala Bedi

Gasteizko eta Nafarroako parlamentu atarian bildu dira Ernaiko gazteak, Gazteok non? txostenean egin duten gogoetaren berri emateko. Gogoratu dute 22 urteko etxegabe bat hil dela berriki Bilbon, Espainiako Gobernuak alokairua arautzeko bidean atzera egin duela, eta hogei bat kolektibok deituta, etxebizitza politikak erabat aldatzeko eskatu dutela pasa den asteburuan Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

30 urterekin emantzipatzen diren gazteak

Datuak ere eman dituzte: Europan batez beste 26 urterekin emantzipatzen dira; Hego Euskal Herrian aldiz, 30 urterekin. 2019an 1.372 etxegabetze egin ziren Euskal Herrian, horietatik 1.068 alokairuari lotuta. Eta etxebizitzen erabilerari dagokionean, Euskal Herriko etxebizitzen %17,44 erabilera iraunkorrik ez duten etxeak direla gogoratu dute: alegia, 270.724 etxebizitza, guztira.

Zer egin?

Neurri zehatzak proposatu dituzte. Hala nola, etxe kaleratzerik ez egitea, alokairu soziala eta etxebizitza publikoa bultzatzea, okupazioa despenalizatzea, alokairua ordaindu ahal izateko gazteak diruz laguntzea (gehienez diru-sarreren %15 bideratzeko alokairura) eta bizi eredu komunitarioa oinarri izango duten bestelako etxebizitza eredu eta proiektuak sustatzea. Lehentasunezko jo dute, dena den, Euskal Herriko administrazioek alokairua arautzea.

Arautzeak ondorio positiboak ekarriko dituela ziur dira: etxegabetzeen kontrako neurri bilakatuko litzateke, funts putreei eta kapital finantzarioei aurre egiteko mekanismoa litzateke, eta etxebizitza batean sartzeko aukera erraztuko luke.