argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitzari eta oinarrizko hornikuntzei dagozkien neurri sozialak luzatzea adostu dute EH Bilduk, UPk eta PSOEk
  • Pandemiak eragindako testuinguruan abiatutako neurri sozialak denboran luzatzeko akordio egin dute EH Bildu, Unidas Podemos eta PSOEk. "Beharrezkoa den bitartean" neurrioi eutsiko diete, "izaera iraunkorreko beste mekanismo batzuk indarrean sartu arte".

ARGIA @argia 2021eko urriaren 20a
Argindarraren garestitzearren aurrean Bilbon egindako mobilizazioa (Argazkia: Ecuador Etxea)

EH Bilduk asteartean jakinarazitakoaren arabera, aurkezturiko legez besteko proposamenak Espainiako Kongresuko gehiengoaren babesa lortu du. UP Unidas Podemosekin eta PSOErekin akordioa erdietsi du koalizioak, pandemiaren harira etxebizitzaren eta oinarrizko hornikuntzen alorrean hartutako neurri sozialak mantentzeko, "beharrezkoa den bitartean". UP eta PSOErekin adostutako zuzenketarekin, proposamena asteazkeneko osoko bilkuran onartzea espero da.

Berriak jaso dituen EH Bilduren adierazpenen arabera, lortu dute Espainiako Gobernuko alderdiek neurri horiei eusteko konpromisoa adieraztea "izaera iraunkorreko beste mekanismo batzuk indarrean sartu arte". Pauso hori eman izana bermetzat jo du koalizioak, etxebizitza zein oinarrizko hornikuntza alorrean dauden arazoei erantzuteko mekanismo berriak onartu bitartean, neurri sozial horiek "behar den denboran" luzatzeko aukera ematen baitu. "Horrela, familia, pertsona eta kolektibo ahulenek etxegabetzeen eta oinarrizko hornidura mozketen aurkako babesa izaten jarraitu ahal izango dute".

Akordioak debekatu egiten ditu argindarraren, gas naturalaren eta uraren horniduraren mozketak, eten egiten ditu alternatibarik gabeko etxe kaleratzeak, eta aldi batez atzeratu egiten ditu alokairuaren ordainketak zaurgarritasun egoera frogatu dezaketenen familien kasuetan. Hiru alderdiek sinatutako idatzian zehazten denez, neurri sozialak lege dekretu bidez luzatuko dizuzte urriaren 31 orduko, egun horretan iraungitzen baitira.