Hendaiako Enbata Gaztetxeak "Euskal Herria ez da salgai!" lemapean abiatu du etxebizitzaren inguruko kanpaina. Printzipioz uda arte iraungo du salaketa kanpainak eta herritarrak kontzientziatzen saiatuko dira.
Leire Casamajouk Ipar Euskal Herriko Hitzan Hendaiako Gaztetxeko kide bati egindako elkarrizketan, Enbata Gaztetxeak etxebitzaren arazoa salatzeko martxan jarritako kanpainaren nondik norakoak azaldu dizkio. Euskal Herria ez da salgai! lelopean abiatu da Hendaian zentratuko den kanpaina, Ipar Euskal Herriko osoko arazoa dela azpimarratu duen arren.
Gaztetxeko kideak emandako datuen arabera, 2017ko datuek diotenez Hendaiako etxebizitzen %40 bigarren etxebizitzak dira eta %5 etxebizitza hutsak. Haien ustez, azken urteetan egoera okerrera joan da eta gainera, COVID-19ak areagotu egin du. "Prezioak %20 igo dira" eta gazteentzat herrian bertan etxebizitza eskuratzeko zailtasunak areagotzen dituela salatu nahi dute. "Ipar Euskal Herrian, 60 metro koadroko apartamentu baten batez besteko alokairua 720 eurokoa da, jakinik diru-zama horrek gazteen batez besteko soldataren %54 hartzen duela".
Etxebizitzaren problematikak kulturan, euskaran, ekonomian eta nazio kontzientzian ere eraginak dituela uste dute: "Agentziek gure nortasuna, kultura eta bizi koadroarekin marketina egiten dute; eta, ekonomia mailan, kasik esklusiboki turismoari zuzenduriko ekonomia bat inposatzen digute". Horrez gain, "prezioen gorakada, aberatsak gehiago aberastea eta Euskal Herri frantsesa eta kulturaren folklorizazioa" ere ekarri dituela azpimarratu du kideak.
Sektore jakin bat probetxua ateratzen ari zaiela diote Enbatako kideek, hain zuzen ere, "promotore pribatuek, hedabide frantsesek, tokiko jauntxoek, turismo agentziek eta Frantziako Estatuak" egoera sustatzen dutela uste dute.
Gazteen helburua "kolektiboki borrokatu eta alternatibak atzematea" dela esan du gaztetxeko kideak eta hori dela-eta abiatu dute salaketa kanpaina. Oraingoz, herriko kaleetan etxebizitzen inguruko datuen kartelak zabaldu dituzte eta aurrerago hitzaldiak eta bestelako ekintzak egingo dituztela azaldu diote Hitzari. Kanpainak uda arte iraungo du, eta Hendaiako herritarrak kontzientziatzen saiatuko dira, adin guztietako pertsonengana iritsi nahi baitute.