argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitzaren iruzurra
Santi Angulo Martin 2024ko azaroaren 18a

Etxebizitzaren auzia aspalditik datorren egiturazko arazoa da. Giza eskubidea izan behar lukeena, gehienez ere eskubide subjektiboa baino ez da. Iruzurra dela diot instituzio eta alderdi politiko guztiek hitz politak esan arren, ez diotelako muinari heltzen. Egun, enpresa eraikitzaileek eta lurzoruen jabeek ezartzen dute etxebizitza politika, negozioa egiteko duten eskubidean oinarrituz. Instituzio guztiek su eta gar defendatzen dute eskubide hori, norbaitek etxebizitza izateko duen eskubidearen aurretik, hura objektiboa baita eta hau subjektiboa. Horregatik, egoeraren ardura dutenengandik iristen zaigun hainbat gezur argitu nahi dut.

Ez da egia etxebizitza gehiago eraiki behar dela herritarren premia asetzeko. Azken urteetan milaka etxebizitza eraiki badira ere, ez da arazoa konpondu. Areago, politikariak enkante batean bezala nork etxebizitza gehiagoka aritzen dira ahobero, herrian dagoen benetako beharra jakin gabe. Udalek ez dakite etxebizitza baten behar objektiboa (horretaz luze eztabaida daiteke) duten pertsonak zenbat diren eta horien ezaugarriak, ez baitute inolako erroldarik egiten.

Ez da egia Babes Ofizialeko Etxebizitza gehiago eraikitzeak arazoa konponduko duela. Duela hogei urte baino gehiago hasi zuten bide hori eta egun berdin gaude, edo okerrago, etxebizitza horietako asko libre bihurtu dutelako. Gainera, etxebizitza horien kopurua eraikitzaileek ezartzen dute ia beti legeak dioen gutxienetik gertu eta udalak oro har ez dira gehiena eraiki dezatela eskatzera ausartzen. Eta larriena, etxebizitza baten benetako premia duten pertsonak maiz ez dira eskatzen den gutxieneko soldatara iristen, eta aukerarik gabe geratzen dira.

Ez da egia etxebizitza libre gehiago eraikitzeak arazoa konponduko duela. Izan ere, behar gehien dutenek ezin dute salmenta libreko prezioa ordaindu. Etxebizitza horiek, oro har, espekulatzaileek edo etxebizitza duten pertsonek erosten dituzte, hain prezio altua ordainduta, non berena ahalik eta garestien saldu behar dutela, eta etxebizitzen merkatua garestitzen da. Bestalde, ez da kontrolatzen nork eta zertarako erosten den etxebizitza bat.

Ez da egia Babes Ofizialeko Etxebizitza gehiago eraikitzeak arazoa konponduko duela. Duela hogei urte baino gehiago hasi zuten bide hori eta egun berdin gaude, edo okerrago, etxebizitza horietako asko libre bihurtu dutelako

Ez da egia etxebizitzari buruzko lehengo eta oraingo legeek arazoa konponduko dutela. 1998ko Lurzoruaren Legeak udalei etxebizitza sozialak eraikitzeko aurrekontuetatik diru kopuru bat hartzea agintzen dien arren, kasu gehienetan udalek muzin egin diote legeari eta egun ez dakigu zein udalek bete duen legea eta zenbat etxebizitza eraiki duten diru horrekin. Bestalde, azken legea onartu denetik etxebizitzen alokairuak igotzen jarraitu du, nahiz eta aldeko politikariek legearen onuren dominez paparra bete.

Legeek eta instituzioek jabeen eta eraikitzaileen eskubidea babesten dute beti. Gehienez, zenbait pertsonari arazoa arintzen diote, baina benetako premia eta eskubidea bazterrean uzten dira, espekulatzaileen mesederako. Jakina, instituzio guztiek bere zatitxoa ateratzen dute espekulaziotik. Horrela ez da etxebizitzaren auzia konponduko.

Etxebizitzaren benetako arazoa ez da etxebizitzen falta, etxebizitza bizitzeko eta eskubidea izan beharrean, negozioa egiteko produktu bihurtzea baizik. Egun, sistema kapitalista honek enpresa eraikitzaileek eta lurjabeek etxebizitzekin espekulatzeko duten eskubidea babesten du, baita turista batek hainbat egunez etxebizitza batez gozatzeko eskubidea ere, pertsonek etxebizitza batean bizitzeko duten eskubidearen aurretik. Hor dago muina eta horri ez eskuinetik ez ezkerretik, ez diote heltzen. Adabakiak jarri besterik ez dute egiten, esaterako, enpresa eraikitzaileei lurzorua merke saltzen diete, etxebizitza zozketatzen dute edota alokairu merkean jar dezaten etxebizitzen jabeei dirua ematen diete. Baina, horrek espekulazioari atea itxi ordez, arazoa areagotzen du, espekulatzaileen interesak defendatzen dituelako, premia larria dutenen kalterako.

Hala ere, arazoa benetan konpontzeko asmoz, bidean badira etxebizitzaren gaiari behar bezala heltzeko har daitezkeen neurriak, ausartak izanez gero.

Hasteko, etxebizitzaren funtzioa pertsonei bizitzeko toki egoki bat ematea bada eta pertsonek etxebizitza bat izateko eskubidea badute, ondare sozial izendatzea litzateke egokiena, haren funtzioa babesteko; horrek bertan bizitzeko helbururik ez duen pertsonari, elkarteari edo funts putreei erostea debekatzea ekarri beharko luke, orain dela gutxi Holandan onartu den bezala, argi eta garbi esanez ezin dela etxebizitza bat erosi bertan bizitzeko ez bada.

Beste neurri bat, herrietan dagoen benetako premia jakiteko, udalek Etxebizitza Patronatua edo antzeko zerbait sortzea litzateke. Patronatu horren eginkizuna, besteak beste, etxebizitza baten behar objektiboa duten herriko biztanleen errolda bat egitea litzateke. Bertan, eskatzailearen egoera orokorra eta nolako etxebizitza beharko lukeen azalduko lirateke. Horrela, geure herrian dagoen benetako beharra ezagutuko genuke. Gainera, kasu guztiak ezagututa, etxebizitza gehiago eraiki behar den eta zer nolako etxebizitza eraiki jakingo genuke.

Aldi berean, patronatu horrek herrian dauden etxebizitza hutsen kudeaketa ere eraman lezake. Halaber, etxebizitza zaharberritzeko behar den dirulaguntza ere kudea lezake. Arlo horretan askoz diru gehiago inbertituko balitz, etxebizitza berriak eraiki beharrean, zaharrak egoera onean uzteak inguruan ditugun eremu naturalak zementuz betetzea ekidingo luke.

Bestalde, askotan entzun dugu halako obra erraldoia egiteko (trenbideak, errepideak, museoak...) herritarrei eta herriei... beren lurrak desjabetzen dizkietela interes orokorraren izenean. Hemen ere horixe egin liteke. Etxebizitza benetako premiatzat eta eskubidetzat hartzen bada, zergatik ez desjabetu etxe hutsak edota espekulatzeko erabiltzen diren etxebizitzak, eta alokairu sozialean jarri?

Aipatu neurrien antzekoek, eta beste batzuek, instituzioak etxebizitza politika kontrolatzera eta gaian behar bezala jardutera eramango lituzke, eta espekulazioari atea itxi, etxebizitza ezin baita negozio produktu bat izan, orain arte bezala.

Santi Angulo Martin