argia.eus
INPRIMATU
Kaleratzeak Stop: “Etxebizitzaren euskal legea urardotzen ari dira”
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformek Eusko Legebiltzarrean premiazko agerraldia eskatu dute. Beren ustez, etxebizitzaren euskal legea “urardotzen” ari dira eta oinarrizko edukiak eskatzen dizkiote.

ARGIA @argia 2015eko otsailaren 10
Kaleratzeak Stop! plataformak premiazko agerraldia eskatu du.

Banketxeak, Vitalquiler edo Alokabide gisako erakundeak jendea beren etxeetatik botatzen ari direla salatu dute, eta azpimarratu nahi izan dute “botere publikoek kaleratzeen ondorioak arintzeaz gain, hauek ekiditeko lan egin behar" dutela.

Etxebizitzaren Euskal Legea oinarrizkotzat jotzen dute, eta horregatik, Gasteizko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean hauek defendatu nahi dituztela adierazi dute.

Beren webgunean irakur daitekeen idatzian azaldu dutenez, zera defendatzen dute:

Batetik, etxebizitza eskubidea legeak jaso behar duela, baina Administrazio eta Justizia Epaitegiei exijitu ahal izango zaien eskubide subjektibo, unibertsal eta eraginkor gisa.

Bestetik, EAEn dauden 40.000 etxebizitza hutsekiko neurriak hartzeko eskatzen dute. Horretarako, garrantzia ematen diote etxe hutsaren kontzeptua finkatzeari. Sei hilabete hutsik daramatzan etxea "etxe huts" gisa izendatzeko eskatzen dute, eta ez ponentziak planteatzen duen gisan bi urte daramatzana hutsik.

Horrez gain, familiei desjabetu zaizkien etxeak nahitaez alokairura bideratzeko neurriak hartzeko eskatzen dute.

Babes ofizialeko etxebizitzak alokatu egin behar direla defendatzen dute, Alokairurako Etxebizitza Publikoen Parkea, egun 6.000 etxebizitzak osatzen dutena, Europar Batasunak eskatzen duen mailara hel dadin.

Eta azkenik, babesturiko etxebizitzak funts-putreei saltzea debekatzea, diru-sarrera eskasiagatik alokairua ordaindu ezin duten erakunde publikoen etxebizitzetatik kaleratzeak debekatzea, eta egun Etxebiden izen emanda dauden 50.000 pertsonentzat Etxebizitza Parkea gauzatzea eskatzen dute.