argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitzaren arazoa jendarteratzea lorturik, bukaera emanen diote Angeluko okupazioari
  • Zazpi egunez iraun du Angeluko Amodioaren Ganbara hondartza inguruko luxuzko etxebizitzen okupazioak. Egun osoko egitaraua prestatu du Ostia kolektiboak ostegunerako.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko uztailaren 21
Angeluko okupazioa (Argazkia: Ostia)

Uztailaren 15ean abiatu zuten Angeluko itsas bazterreko luxuzko etxeen okupazioa hogeita hamar bat lagunek. Jomugan izan dute etxebizitzaren arloan bideratu espekulazioa eta zehazkiago, Alday etxebizitza-promotore handia, bizileku garesti horien sustatzailea –logela bakarreko apartamendua 440.000 eurotan saldua eta lau gelakoa 1,3 milioi eurotan–. "Gehiegizko prezioak dira, proiektu hauek populazioaren gutxiengo batentzat eginak dira. Guziok egin behar dugu zerbait guk eta ondoko belaunaldiek Euskal Herrian bizitzen segitzeko aukera ukan dezagun!", erranez abiatu zuen okupazioa Ostia kolektiboak.

Iaz Arbonan buruturiko okupaziotik dator Ostia taldea, Ipar Euskal Herrian antolatu eta espekulazioaren arazoari aterabideak emateko asmoz.

Zazpi egun bertan pasatu ondoren, okupazioarekin bukatzea erabaki dute asanbladan: "Zazpi egunez iraun duen okupazioak bere helburuak bete ditu: 'norentzat eraiki, zoin beharrei erantzuteko?' galdera plaza publikoa ezarri eta arduradunak ikusaraztea –eraikitzeko baimena ematea duten auzapeza eta etekina baizik bilatzea ez duten promotoreak besteak beste–". Alta, bere aldetik, Angeluko auzapez Claude Olivek kritikatu egin zuen Ostia kolektiboa eta herriko etxebizitza arazoa gutxietsi zuen. Asteazkenean Ostiak bilera egin zuen Angeluko auzapezarekin, arazoa mahai gainean jarri eta aterabideak marrazteko asmoz. Okupazioaren bukaeraren berri eman zuten ondotik.

Okupazioari bukaera ederra emateko egun osoko egitaraua antolatu dute: bazkari partekatua eta ondotik 17:00etan elkarretaratzea Alday agentziaren aitzinean (Angeluko Konstelazioko karrika).