argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitzaren aldeko borroka izango dute hizpide larunbatean, Bilboko Errondoko Auzo Etxean
  • Etxebizitzaren inguruko problematikaz hausnartzeko mahaingurua antolatu dute. Kataluniako bi etxebizitza sindikatu beren esperientziaz mintzatuko dira.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 06a
Sindicat de Barri del Poble Sec-eko kideak etxegabetze bat gelditzen (Argazkia: Fotomovimiento)

Alokairuen garestitzeak, pisu turistikoen ugaritzeak, etxegabetzeak… hiriaren gentrifikazio eta turistifikazio prozesuek are muturrekoagoa bilakatu dute espekulazioa, eta albo kalte nabarmenak eragiten ari da etxebizitza eskubidearen gainean. Hori horrela, gaiaz hausnartzeko beharra ikusi dute Bilbon: etxebizitza eskubidearen defentsari buruzko mahai-ingurua antolatu dute larunbatean, San Inazio auzoko Errondoko Auzo Etxean.

Kataluniatik etorritako hizlariak bilduko dira mahai bueltan, “bertan artikulaturiko etxebizitza eskubidearen aldeko borroka eredugarri” baita antolatzaileen iritziz. Sindicat de Barri del Poble Sec eta Llogateres L’Hospitalet sindikatuetako kideak gonbidatu dituzte beren esperientziaz hitz egitera, eta “Etxebizitzaren aldeko borroka Katalunian. Herri mugimenduaren lubaki berria” jarri diote izenburu mahai-inguruari.

18:30ean du ordua hitzorduak, eta mahai-inguruaren ostean egitarauak segi egingo du, luzatu nahi duenarentzat. Johnny Txintxes bakarlariak eta Norbyte Dj-ak girotuko dute gaua.