argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza turistikoen kontrako ekintza burutu du Alda-k
  • Oihal-etxeen bidez, Euskal Hirigune Elkargoaren lurralde poloa eta Poplidaysen egoitza soziala elkar juntatu dituzte hogeita hamar bat militantek. Etxebizitza turistikoen eskaintza mugatzeko neurrien hartzea eskatzen diote elkargoari.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 08a
Alda-ren ekintza Euskal Hirigune Elkargoari neurri politikoak eskatzeko.

Etxebizitza turistikoak jomugan dituela, Urruñan jarria zuen hitzordua uztailaren 7an, Alda mugimendu berriak. Bertaratu eta Euskal Hirigune Elkargoaren lurralde poloa eta Poplidays enpresaren egoitza soziala elkar juntatu dituzte oihal-etxeen bidez hogeita hamar bat militantek. Alda-ren bozeramaile den Ainize Butronek ekintzaren helburua horrela azaldu du: "2017an Ipar Euskal Herrian 41.670 bizitegi alokatuak ziren biztanleei. Baina Alda-ren kalkuluek erakusten dute badirela bederen 6.000 edo 7.000 bizitegi etengabeko etxebizitza turistiko moduan alokatuak direnak Airbnb, Abritel, Le Bon Coin edo Poplidays bezalako plataformetan. Garapen jarraikian segitzen duen zenbaki hau izugarria da! Gure etxebitzak galtzen ari gira, gabezia handitzen du eta alokairuen prezioak zapartaarazten. Ez bada deus egiten, kanpatzera behartuak izanen gira gure herrian bertan bizitzen segitzeko".

 
Elkargoari bi eskaera luzatuz.

Fenomenoa mugatzeko asmoz, bi eskaera luzaturik dituzte Euskal Hirigune Elkargoari. Batetik, bizitegien erabilera aldaketa emateko irizpideen araudia aldatzea galdetzen dio mugimenduak, pertsona pribatuei bideraturiko neurriak SCI edo SARL egitura juridikoei ere zabalduz; eta bestetik, urteko alokatzeen etxebizitza eskaintza lehenbailehen babesteko gisan konpentsazioa integratzea ere galdetzen diote. Zehazkiago, bigarren neurri honen arabera, etxebizitza turistiko bakoitzaren truke, urte osoan alokatua den etxebizitza bat merkatuan jarri behar du jabeak. Frantzia mailako hainbat hirik dute konpentsazio sistema gauzaturik (Lyon, Estrasburgo, Bordele eta abar).

Airbnb-ren eskaintzak azken hiru urteetan izan duen bilakaera eman dute adibide gisa: 2018an 8.000 etxebizitzaren eskaintza zuen Ipar Euskal Herrian; 2021ean, 13.000 daudela kontatu du Alda-k. Plataforma ezberdinetan diren alokatze turistikoak kontuan hartuta, orotara aurtengo 20.000 etxebizitza kontatu dituzte. Horietarik gutxi gorabehera heren bat, urte guzian turismorako alokatzen da.