argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza turistikoen konpentsazio neurria indarrean jarri dute Ipar Euskal Herrian
  • Lapurdi kostaldeko 24 hirietan etxebizitza turistikoa alokatuz gero, jabeak ondasun bat gehiago eskaini beharko du iraupen luzeko alokairu kontratupean, hiri berean eta azalera baliokidearekin.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko martxoaren 02a
Herritarren mobilizazioak ekarri du hautetsien inplikazioa. Etxebizitzaren aldeko borrokaren ondoko hitzordu nagusia apirilaren 1ean izanen dute. Argazkian, manifestaziorako deia iazko Baionako festetatik. Argazkia: LogementEH

Ipar Euskal Herriak pairatzen duen etxebizitza arazoari erantzun bat emateko bidea ireki dute martxoaren lehen honetan: etxebizitza turistikoa alokatuz gero, jabeak ondasun bat gehiago eskaini beharko du iraupen luzeko alokairu kontratupean, hiri berean eta azalera baliokidearekin. Etxebizitzaren arazo eta turismoaren presentzia handiena duten kostaldeko 24 herriei aplikatzen zaie betebeharra: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Miarritze, Bidarte, Biriatu, Bokale, Ziburu, Getari, Hendaia, Jatsu, Lehuntze, Larresoro, Mugerre, Urruña, Donibane Lohizune, Hiriburu, Urketa, Uztaritze eta Milafranga. Bertan, orotara 11.000 etxebizitza daude turistei bideratuak; hots, guztiak horrela mantenduz 11.000 etxebizitza berri beharko dituzte urte osoko aterpera bideratu –edo ezinean, merkatu turistikotik kendu–.

Ez da berehalakoan gauzatu bozkaturiko neurria. Hain zuzen, auzitegian aztertua izan delako behin baino gehiagotan: Euskal Hirigune Elkargoak iazko martxoan bozkatu zuen neurria ia aho batez, baina jabe batzuk ez zuten begi onez ikusi eta auzitegira jo zuten, beraien "askatasuna" defendatzeko. Epaileak ekainean arrazoi emanik jabeei, neurria doi bat moldatu, eta berriz bozkatu eta onartu zuten uztailean. Jabeek berriz auzitegira jo zuten baina iazko irailaren 16an elkargoari arrazoi eman zion epaileak.

Duda gabe, oinarrian dugu Alda kolektiboak eramandako borroka. Etxebizitzaren arazoa begibistakoa izanda ere, kolektibo horrek eramandako presioari esker bideratu dute neurria hautetsiek. "Garaipenak ospatzen dira, ondokoak kausitzeko borrokan are motibatuago izateko", Aldaren arabera. Horregatik asteazkenean juntatu ziren Baiona Ttipian, lorpen hori ospatzeko.

EH Bai-ren irakurketa

"Urrats garrantzitsutzat" jo du EH Baik martxan den konpentsazio neurria. Baina urrunago joan nahian, beste lau eskaera luzatu ditu koalizioak, martxoaren lehenean egindako prentsaurrekotik: 24 herriei beharturiko neurria Ipar Euskal Herri osora zabaltzea; urte osoko alokairuen parkera itzuliko diren etxebizitzak "prezio eskuragarrian" eskainiak izatea;  fiskalitatearen erreforma sakona –"higiezinen irabazi ekonomikoen zerga emendatzeko, mublatu turistikoen bidez irabazten den diruari zerga gehiago aplikatzeko eta bigarren etxebizitzen jabeek diru ekarpen handiago egiteko herriko etxeei eta elkargoari, jakinez ez dutela bertako ekonomia sustatzen–; eta "egoiliarraren estatutuaren" sorrera, modu irankorrean bertan bizi nahi dutenei bideratzeko jabetza.

Apirilaren 1ean izanen da etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa Baionan. Bertaratzeko deia luzatu dute Alda zein EH Baik ere.