argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza turistikoen hedapena ekiditeko alegazio kanpaina Gasteizen
  • Alde Zaharreko Gasteiz Txiki auzo elkarteak hiriko elkarteei eta herritarrei dei egin die alegazioak aurkeztera. Udalak Arabatur ostalaritza elkartearen eskaria onartuko balu, Gasteizen 18.000 etxebizitza turistiko sortzeko aukera legoke. Neurriak bereziki eragingo lioke Alde Zaharrari.

2020ko irailaren 07a
Argazkia: Gasteiz Txiki.

Iragan uztailean Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernuko Batzarrak (EAJ eta PSE) Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) moldaketa bat onartu zuen. Moldaketa ostalaritza sektoreko Arabatur elkarteak sustatu du eta, horren arabera, 2008az geroztik hirian debekatuak zeuden erabilera Turistikoko etxebizitzak (ETE) eta erabilera turistikoko logelak (ETL) berriz ere baimenduko lituzke udalak. Hiri osoan 18.697 ETE eta ETL sortu ahal izango lirateke horrela (%16,3). Neurriak Alde Zaharrari eragingo lioke nagusiki. Egun, lehen solairuetako etxebizitzak soilik bilakatu daitezke ETE, baina aldaketa onartuz gero, etxebizitza bloke osoak ETE bihurtzeko aukera legoke.

Moldaketa indarrean sartzeko, talde politikoek Udalaren osoko bilkura batean onartzea da azken urratsa. Hori da Gasteizko Alde Zaharreko Gasteiz Txiki auzo elkarteak ekidin nahi duena alegazio kanpaina baten bitartez. Aldaketak “ondorio kaltegarriak izango lituzke bizilagun eta auzoarengan”, Gasteiz Txikiren ustez, eta horregatik alegazioak aurkeztera deitu ditu auzoko zein hiriko elkarte, eragile eta herritarrak. Besteak beste, ETEen hedapenak prezioak igoko lituzkeela, “populazioaren lekualdatzea eta gentrifikazio prozesuak” bultzatuko lituzkeela, edo bizitza komunitarioa ahulduko lukeela uste du auzo elkarteak. Etxebizitzak zaharberritzeko auzokideentzako diru laguntzak eskatu ditu, eta tokiko merkataritza defendatu. Alegazioak Gasteizko gizarte etxe guztietan aurkeztu daitezke. “Guztion artean geldiarazi dezakegu gure hiria etorkizunean era itzulezinean alda dezakeen astakeria hori”, adierazi dute Gasteiz Txikitik.