Euskal Elkargoak uztailaren 9an bozkatuko du testu berria, etxebizitza turistikoak murrizteko helburuarekin.
Paueko Administrazio Auzitegiak martxoan erabakitako konpentsazio neurria orain dela hilabete bat inguru bertan behera utzi zuen. Neurriaren arabera etxebizitza turismorako errentan jartzen dutenek urte osoko alokairuan beste bat eskaini beharko zuten. Erabakia bertan behera utzi ondoren, beste araudi berri bat aurkeztu du Euskal Elkargoak, Estatu Kontseiluak aurrekoaren inguruan hartu behar duen erabakia itxaron gabe.
Euskal Elkargoaren helburu nagusia epe laburreko etxebizitza turistikoekin amaitzea da.
Auzitegiak atzera botatako neurriak eragiten die urtean 120 egun baino gehiagoz errentan jartzen dutenei, baita bigarren etxebizitza aldi baterako errentan jartzen dutenei ere. Jabe horiek beste etxebizitza bat eskaini behar zuten urte osoko alokairuan, turismo masiboa orekatzeko. Etxebizitza jabeak horren aurka agertu ziren ordea, eta erabakia “klasista” zela salatu zuten.
Kazeta.eus-ek jaso duenez, Euskal Elkargoko buru Jean-Rene Etchegarayk adierazi du neurri berri honetan asmoa dela "gure araudian epaileak eztabaidaturiko punduak aldatzea, honekin epaile administratiboarengana jotzeko, neurriaren suspentsioa indargabetzea eskatuz". Gaineratu du abiapuntuko neurriaren helburua aldatu gabe "jurisprudentziaren filtrotik pasatzeko" bidea bilatzen ari direla.
Neurria 2023ko martxoaren 1ean indarrean sartzea da xedea.