argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza Sindikatuak Gasteizko Udalaren “arduragabekeria” salatu du, Prado 4 kaleko etxegabetzeen harira
  • Joan den astean hiru familia etxegabetu zituzten, aurrez jakinarazi gabe. Sindikatuak salatu du bizilagunak "benetako alternatibarik" gabe daudela.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 20a
Apirilean salatu zuten Prado 4ko bizilagunak argirik, urik eta erroldarik gabe zeudela. (Argazkia: Etxebizitza Sindikatua)

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak prentsaurrekoa egin du asteartean, Gasteizko udaletxearen aurrean. Udalaren "arduragabekeria" salatu du Prado 4 kaleko etxegabetzeen harira. Joan den astelehenean hiru familia etxegabetu zituzten, tartean, adin txikiko sei pertsona. Jakinarazpenik jaso gabe bidali zituzten etxeetatik.

Bizilagunei iruzur egin zien alokairu-kontratu eta erroldatze faltsuak egiten zituen sare batek, eta apirilean salatu zuten urik, argindarrik eta erroldarik gabe zeudela bertan bizi zirenak.

Etxebizitza Sindikatuak zerbitzu sozialen jarduna seinalatu du. Haren arabera, "aspalditik" ezagutzen zuten Prado 4 kaleko bizilagunen egoera, etxean egondakoak ziren eta sindikatuko kideak hainbatetan bildu dira zerbitzu sozialekin, bizilagunekin egindako bileretan. "Berandu izan zen arte, ez zuten alternatibarik eskaini". Salatu dute, gainera, eskainitako alternatiba ez dela "benetakoa", behin-behinekoa baita, astero luzatu beharrekoa.

Epaitegien jarduna ere salatu dute, familia zaurgarriak han bizi zirela bazekiten ere, ez zirelako zerbitzu sozialekin harremanetan jarri, etxegabetzea gelditzeko.

Gasteizko gizarte zerbitzuek aste honetan iragarri dute etxegabetzeak prebenitzeko bulego bat irekiko dutela, informazioa, aholkularitza eta prebentzioa eskaintzeko. Sindikatuaren ustez, horrek ez ditu etxegabetzeak etengo eta ez du bermatzen etxegabetutako familia eta pertsonek alternatibarik lortuko dutenik. "Azken finean, bulego berri horrek, etxegabetzeak gelditu edo alternatibak eskaini baino, etortzeke dauden milaka etxegabetzeek sortuko duten gatazka indargabetzeko funtzioa du".

Instituzio burgesen aurrean, babesgabe

Etxebizitza Sindikatuak nabarmendu du etxegabetze hauen kasuan ere agerian geratu dela proletalgoa "guztiz babesgabe" dagoela "instituzio burgesen" aurrean. "Alde batetik, instituzioek jabeen interesak defenditzen dituzte etxegabetzeak polizia indarrekin exekutatuta. Bestetik, proletalgoaren eskubide politikoak urratzen dituzte".