Alokairuetan gertatzen diren gehiegikeriei topea jarri eta etxebizitzaren alorren politika publikoak egiteko aukera berriak irekitzen dituen Espainiako Estatuko Etxebizitza Legea, tresna emankorra izan daiteke, hamarkadatan indarrean egon den merkatuaren legeak sortutako sarraskiari aurre egin nahi dionarentzat. Hor dago bere funtsa: aukerak sortzen ditu, baina egoera aldatuko dela ziurtatu gabe. Etxebizitza duinari ateak irekitzeko giltza ez dago legean, baizik eta bere garapenean.
Bidea hasi besterik ez da egin. Akordio politikoa dena, lege bihurtu behar da orain, marko orokorra ezartzeko. Erkidego bakoitzeko gobernuek marko propioak finkatuko dituzte ondoren; Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak tentuz aztertuko dutela iragarri dute. Eta legea politika bihurtu dadin, etxebizitza sailek beren planak aurkeztuko dituzte, araudia udalez udal finkatzeko... Oraingoz, Iñaki Arriola Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak kokatu du bere burua fase horretan, eta esan du udaletako tentsioa norainokoa den aztertuko duela. Datuak ezagunak dira, eta tentsio horren arduradun nagusietakoa bera izan da azken legealdian.
Entzun ditugu akordioaz egin diren aurreneko balorazioak. Txalotu, kritikatu edo distantziaz begiratu zaio, guztiz logikoa den bezala. Baina etxebizitza eskubidearen aldeko borrokari segida emango badiogu, balorazioak egiteaz gain, hartzear dauden erabaki politikoetan nola eragin aztertzen hastea dagokigu. Borondate politikorik ez dagoenean erabaki politikoak behartzeko gaitasunean dago giltza. Etxekalte gabiltza etxebizitza eskubidearen aldeko borroka marko “berrian” egiteko erabakirik hartzen ez badugu.