Argilan ESK-k, Berri-Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistak murrizketa berriak aldera batera uztea eskatu dute, eta “bizi baldintza duinak” aldarrikatu dituzte.
Eusko Jaurlaritzak etxebizitza lortzera bideratutako gizarte prestazioetan murrizketak egin izana salatu dute Argilan ESK-k, Berri-Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistak. Eusko Legebiltzarreko atarian asteartean egindako agerraldian adierazi dutenez, neurriak herritarren sektore ahulei eragingo die, eta milaka pertsona etxebizitza duin bat lortzeko laguntzarik gabe utziko dituzte.
“Denbora daramagu esaten, hainbat erreforma onartzen ari direla isilean, etxebizitza eskuratzeko prestazioak murrizten dituztenak." Prestazio horiek pertsona eta bizikidetza-unitate prekarizatu, pobretu eta kalteberenei kendu dizkietela adierazi dute.
Erreforma berriak
Eragileek “funtsezko” bi neurri kritikatu dituzte. Alde batetik, joan den martxoaren 29an indarrean sartutako Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege berria (DSBE), “bizilakuaren” kontzeptua birdefinitzen duena. Horren arabera, "ez da bizilekutzat hartuko etxebizitza baten titulurik gabeko erabilera”, eta beraz, ezin izango dute DSBEa jaso alokairu kontratua edota jabetza-titulurik ez duten etxebizitzek.
Bestalde, 2023ko urrian onartutako Etxebizitzaren Prestazio Ekonomikoa (EPE) ere aipatu dute. Laguntza berria 2024ko apirilean sartuko da indarrean, eta “ordezkatu” egingo ditu aurretik zeudenak, ez zaie gehituko. Gauzak horrela, bertan behera geratuko dira Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) eta alokairurako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL). Gainera, prestazio berria jasotzeko “irizpide saihestezina” izango da hiru urtez etenik gabe Etxebiden izena emanda egotea.
Eragileek adierazi dute aldaketa horiek eragin negatiboa izango dutela "ehunka etxebizitza eta milaka pertsonengan". Azpimarratu dute kaltetuenak “sektore prekarizatuak eta pobreak” izango direla: “Errenta txikienekoak dira murrizketa-politika horrek zuzenean gehien kaltetutako sektoreak; migratzaileak, hilaren amaierara iristeko zailtasun gehien dituzten familiak, enplegu prekarioak dituztenak, gazte langileak, guraso bakarreko familiak...”.
Alderdi politikoen babesa
Nabarmendu dutenez, politika horiek “pobretze orokorreko testuinguru batean” garatu dira, eta instituzioek gastu publikoa murriztea "bilatu" dute prestazio-sistema sektore prekarizatuenei murriztuta. Halaber, adierazi dute alderdi politiko guztiek babestu dituztela neurriak: “Horren erakusle da erreforma horiek EAJren, PSEren eta Elkarrekin-Podemosen aldeko bozkarekin eta EH Bilduren abstentzio konplizearekin onartu dela Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Lege berria. Era berean, Etxebizitza Legeak aurreikusitako murrizketak PSEk eta EH Bilduk onartu zituzten”. Gainera, salatu dute aldi berean alderdi horiek “kanpaina” egiten dutela etxebizitza-arloan “hobekuntzak sustatu dituztela esanez”.
Egoeraren aurrean, hainbat erakundek manifestazioa deitu dute otsailaren 24rako, 12:00etan, Bilboko Moyua plazatik abiatuta. Gizarte prestazioen murrizketa berriak baztertzea eta bizi-baldintza duinak eskatu nahi ditu protestak: “Gizarte-prestazioetan murrizketa berriei ez!”.