argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza Legearen erreforma arbuiatu dute Nafarroan pobreziaren bueltan ari diren hainbat taldek
  • Pobrezia eta bazterkeria sozialaren esparruan diharduten Nafarroako hainbat taldek salatu duenez, Nafarroako Gobernua lantzen ari den Etxebizitza Legea iraultzaile gisa saltzen da tituluetan, baina haren letra txikia oso bestelakoa dela.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 30a
Argazkia: Paris 365

Merkatu libreak etxebizitzaren prezioa bere gain hartu duela adierazi dute kolektiboek, “gero eta gehiago eskubidea negozio bihurtu duten horiek”. Eta hori salatzeko eta lege berriaren edukiak aldatzeko aldarrikatzeko, haien jarreraren berri eman zuten Nafarroako Legebiltzarraren aurrean, Iruñean, astearte honetan.

Erredakziora bidalitako agirian adierazten dutenez, pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren indizeak neurtzen dituen AROPE azterlanaren arabera, Nafarroan inkestatutako pertsonen %11,4k ezin izan zion aurre egin zegokion garian etxebizitzako gastuen eta hornidura-fakturen ordainketari.

Legean kezkagarri ikusten dituzten hainbat puntu azpimarratu dituzte. Batetik, babes ofizialeko etxebizitza-parkeen jabetza publikoaren gaia dago, mugarik gabe mantentzeko ustezko konpromisoa hartu arren, lege-proposamenaren ondorioz, 21 urteren ondoren etxebizitza mota hori merkatuan sartu daitekeela salatzen dute eta, hortaz, kalifikazio publikoa galdu. Haien ustez, esanguratsua da azken hiru hamarkadetan 29.000 etxebizitza babestu merkatu librera igaro direla.

Erroldatzearen garrantzia

Bestetik, Alokairuen Jasangarritasun Indizeaz ere mintzo dira: “Toki jakin bateko bizilagunek alokairua ordaintzeko erabiltzen duten errentaren ehunekoa kalkulatzen duena, alegia. Tresna hori merkatu libreko prezio neurrigabeak arautzeko eta jaisteko erabilgarria izan daiteke, baina urtero prezioen eta soldaten arabera eguneratu ezean, antzua izango da”. Haien ustez, diru-laguntza asko ez dira egokitzen desabantaila handienak jasaten dituzten pertsonen benetako egoeretara, “eta diruak errentari txikien, bankuen edo putre funtsen eskuetan amaitzen du”.

Azkenik, gizartean zerbitzuak jaso ahal izateko erroldatzeak duen garrantziari ere begiratu diote, eta diotenez, “legeak aurrera egiten badu, administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonek ezin izango dute etxebizitza babestuen errolda edo David-Emanzipa laguntzak eskuratu”.

Taldeen ustez, lege hau ez da nahiko etxebizitza bermatzeko eta horregatik, exijitzen dute gutxieneko batzuk bete daitezela, hala nola babes ofizialeko etxebizitzen behin betiko kalifikazioa, etxebizitza publikoen parkea handitzea eta erroldatzea bermatzea.

Honako taldeak ageri dira sinatzaileen artean: hARITU Elkarlaguntza Sarea, Pah-hut Nafarroa, Martes al sol, PARIS 365, Jaki Toki, Txantreako Asanblada Okupa, Pobrezia eta Bazterkeria Sozialaren aurkako Nafarroako Sarea, eta SOS Arrazakeria.