argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza larrialdiari aurre egingo dioten politikak aldarrikatzeko mobilizatuko dira Donostian
  • Etxebizitzaren garestitzea, espekulazioa, funts putreak, turistifikazioa… Donostiak bizi duen “etxebizitza larrialdiari” aurre egiteko bestelako politikak lehentasunez eta urgentziaz ezarri behar direla aldarrikatu du hiriburuko hainbat auzo elkarte eta kolektibok, herritarren etxebizitza eskubidea ez dela errespetatzen iritzita. Manifestazioa deitu dute maiatzaren 22rako.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 11

Ez da arazo berria, baina denbora pasa ahala, konpontzera bideratu ordez okerrera egiten ari dela nabarmendu dute manifestazioaren deitzaileek: etxebizitzaren eta bereziki alokairuaren prezioak gora egin duela, funts putreak eraikin osoen jabe egiten ari direla eta belaunaldi oso batek bere burua hiritik joatera behartuta ikusi duela gogoratu dute. “Espekulazioaren atzaparrak pertsonen eskubideen eta duintasunaren gainetik pasatzen dira eguna joan eta eguna etorri. Hiriko arazo sozial nagusietakoa dena, diru gehien mugitzen duen negozioetako bat da, aldi berean. Eta hori ez da zilegi, izan ere etxeak bizitzeko dira, ez negozio egiteko”.

Donostiako bizilagunek bizi duten “arazo larriari” aurre egiteko, bestelako politikak eskatu dizkiete agintari publikoei, ez dezaten gobernatu “espekulazioarekin eta bizilagunen oinarrizko beharrekin negozio egiten dutenen alde”.

Hiriaren elitizazioa

“Hiriaren elitizazioa, gazteriaren kanporatzea, espekulatzaileen botere pilaketa eta auzo-komunitateen desegitea arrisku errealak baina gehiago dira, martxan dauden prozesuak dira”. Horregatik guztiagatik, manifestazioa deitu dute maiatzaren 22an, arratsaldeko 17:30ean, Katalunia plazatik abiatuta.