argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza larrialdia salatzeko mobilizazioa Gasteizko Alde Zaharrean
  • Auzoan arazo larria bizi dutela salatuko dute ostiralean Zaharraz Harro jai herrikoien egitarauaren barnean. Udalaren politikek arazoa konpondu ordez horretan sakontzen dutela iritzita, sare komunitarioak indartu nahi dituzte auzoko eragileek. ARGIAk jakinarazi zuen hiru adingabedun familiaren kasua ere salatuko dute.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 26a
Ekainaren 2an prentsaurrekoa eman zuten auzoko eta hiriko hainbat eragilek. Argazkia: Auzoan Bizi.

Gasteizko Alde Zaharrean 1.000 etxebizitza baino gehiago daude hutsik. Horietako asko udalaren jabetzak dira. Aldi berean, ehunka dira bizitzeko gutxieneko baldintzak ez dituzten espazioetan bizi diren auzokideak. Pandemiak eta konfinamenduak aurretik ere larria zen arazoa larriagotu egin dute, eta pandemia ostearekin egoerak ez du hobera egin.

Ostiralean arratsaldeko 19:00etan manifestaziora deitu dituzte auzokideak Gasteizko Alde Zaharreko hainbat eragilek, Zaharraz Harro jai astearen barnean. Arazoa salatzeaz gain, irtenbideak proposatu nahi dituzte. Batetik, instituzioei exijitzen diete auzokideak eta behar sozialak lehenetsiko dituen eraberritze plana garatzeko. Bestetik, udalaren borondatearekiko sinesgogor, sare komunitarioak indartzeko beharra azpimarratuko dute, auzoaren beharrei auzokideen artean erantzuna ematea xede.

Udalak kale gorrian utzi zuen hiru adingabedun familia adibidetzat

Manifestazioa Bollerias plazatik abiatuko da, eta 21 Zabalguneko bulegoetan amaitu. Bidean zehar geldialdiak egingo ditu auzoko zenbait egoera zehatz ikustarazteko. Horietako bat Gasteizko Gizarte Zerbitzuek pandemia erdian kale gorrian utzi zuten familiarena da. Ekaina hasieran prentsaurrekoan salatu zuten familiaren egoera auzoko eta hiriko eragileek. Ondoren, gizarte zerbitzuek etxebizitza bat agindu zioten familiari, lau egun geroago ukatzeko. Familia horrek pairatutakoa ez da salbuespen isolatua manifestazioaren deitzaileen ustetan, egoera orokorraren muturreko isla baizik.