Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren krisiari aurre egiteko eta etxebizitza politika "egokiak" galdegiteko antolatu dute mobilizazioa. 30 eragile inguruk bultzatu dute deialdia, eta 100 bat lagunen babesa jaso dute momentuz.
Azaroaren 20an, Baionan, "Euskal Herrian bizi eta etxebizitza ukan. Espekulazioari ez!" lelopean antolatu duten manifestaziora deitu dituzte herritarrak. Asteazkenean agerraldia egin zuten 30 eragile inguruk, Ipar Euskal Herriko etxebizitza krisia salatzeko eta manifestaziora deitzeko. EH Baiko Eli Arostegik gogorarazi zuen auziak "jendarte guztia" ukitzen duela: "Batez ere behar handienetan direnak, baina baita klase ertain apalekoak ere". Ekhi Erremundegi BERRIAko kazetariak azaldu duenez, horren adierazle da prentsaurrekoan hainbat arlotako hainbeste eragile desberdin elkartu izana. Manifestaziorako deia jada 100 lagunek izenpetu dute.
Deitzaileen esanetan, azken urteetan "desafio handia" bilakatu da etxebizitza duina eskuratzea Ipar Euskal Herrian. Horren arrazoi batzuk mahaigaineratu dituzte; besteak beste, goi-mailako turismoa eta masa turismoa, lurraren prezioaren inflazioa, alokairuen garestitzea eta bigarren etxebizitzen biderkatzea. Horren aurrean etxebizitza politika "egokiak" ezartzeko eskatu dute: "Tokiko hautetsiei politika ausarta eta beheralakoa plantan ezarri dezaten galdegiteko tenorea dugu".
Deitzaileek aldarrikatu dute bost oinarri izan behar dituztela politika horiek: etxebizitzen eta lurren merkatuaren erregulazioa; lurraren eta etxebizitzaren kudeaketa publikoa edo kolektiboa; "etxebizitza bat denentzat" printzipioari lehentasuna ematea; etxebizitza duina eta eskuragarria izateko eskubidea errealki gauzatzea; urgentzia ekologiko eta klimatikoekiko uztargarritasuna bermatzea. Proposamen zehatzak aurkeztu dituzte etxebizitzen krisiari irtenbidea emateko. Esaterako, alokairuen prezioa erregulatzea, espekulazioa saihesteko etxebizitza turistikoei neurri zorrotzak aplikatzea eta bigarren etxebizitza kopurua mugatzea (egun, Ipar Euskal Herriko etxeen %21 da bigarren etxea).
Parte hartzeko deia
Azaroko manifestazioaz gain, herritarrei dei egin diete urriaren 27an Uztaritzen egingo duten asanblada irekian parte hartzera eta mobilizazioaren gastu bilketa kolektiboa diruz laguntzera. Azkenik, manifestaziora giltzak eskuan joatea eskatu dute, sinbolo gisa erabiliko dutelako.