Txantreako gazte mugimenduak, Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabeko Gune Librea, TX Bizi eta Txantrea Krisiaren Aurrean kolektiboek igandean, apirilak 12, etxebizitzaren aldeko manifestazioa eginen dute. Etxe kaleratze arriskuaz ohartarazi eta alternatibak eraikitzen jarraitzeko aldarria eginen dute 18:00etan Mendigorria Kaleko Rural Kutxatik abiatuko den manifestazioan.
Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabeko Gune Librea plataformak salatu duenez, kaleratze arriskuan daude Iruñeko auzo horretako bi familia, hipoteka ordaintzeko zailtasunak direla eta. Ez dira kasu bakarra, izan ere, zazpi urtez hutsik egon den Nafarroako Gobernuaren etxe bat okupatu duen auzoko gaztea ere kalera bota nahi dute.
Kasu hauek salatu eta alternatibak eraikitzen jarraitu dezaten, igandean, apirilak 12, etxebizitza eskubidearen aldeko eguna eginen dute Txantreako Huarte kalean. Goizean zehar haurrentzako jolasak eta bingoa izanen dira. 14:30ean bazkari autogestionatua eginen dute, eta 16:00etan Emantzipazio bulegoarekin eta Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabeko Gune Librea plataformarekin kafe tertulia izanen da. Bukatzeko, 18:00etan manifestazioa abiatuko da Mendigorria Kaleko Rural Kutxatik, “Etxebizitza eskubidea!” lelopean.
Ahötsako lagunek berriki Txantreako etxebizitzaren inguruko erreportajea egin dute.