argia.eus
INPRIMATU
Desokupari bidea moztu diote Bilbon, etxebizitza eskubidearen aldeko eta faxismoaren aurkako antolakuntzarekin
  • Asteazken arratsaldean huste bat iragarri zuen eskuin muturrarekin lotura duen enpresak, baina etxejabearen erabakiz bertan behera gelditu dela jakinarazi dute. Etxejabea atzera bota da bart ehunka herritarrek faxisten aurrean auzokideak eta beren bizilekuak defendatuko zituztela adierazi ostean.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko maiatzaren 12a
Asteartean egindako mobilizazioetako bat (Argazkia: Ecuador Etxea)

Asteazken eguerdian jakinarazi du Desokupak arratsalderako iragarritako Bilboko hustea ez duela gauzatuko. Enpresako buru Daniel Estevek egindako adierazpenen arabera, desalojoa bertan behera utzi izanaren arrazoia etxejabea atzera bota izana da. Beren zerbitzuak kontratatu dituen etxejabea kalean gerta zitezkeen istiluek beldurtu dutela adierazi du Estevek. El Correo egunkariak, aldiz, dio jabeek balizko errepresalien beldur direlako egin dutela atzera.

Faxismoaren eta etxe kaleratzeen aurkako aldarriek Bilboko Alde Zaharra hartu eta biharamunean egin du atzera Desokupa kontratatu duen etxejabeak. Astearte arratsaldean, goizaldean Arrakala espazioa husteak eragindako sumina bizi-bizi zegoela eta astelehenean Desokupak Basurtun gauzatutako hustea presente, ehunka pertsonak hartu zituzten kaleak, aldarrikatzeko faxisten aurrean auzokideak eta beren bizilekuak defendatuko dituztela. Asteazkenean, Desokupak iragarritako esku hartzearen egunean, poliziaren presentzia handiarekin argitu du egunak Bilbon; Ertzaintzaren hainbat furgoi zeuden Alde Zaharreko inguruetan.

Egunak alerta antifaxistan

Egunak daramatzate Bilbon alerta antifaxista piztuta. Iragan astean Estevek asteazkenean Bilbon esku hartuko zutela iragarri ondotik, berria hedatu eta eskuin muturreko enpresaren bisitaren aurrean antolatzeari ekin zioten herritarrek. Tarte motzean, eskuz esku zebilen Desokuparen huste saiakera baten aurrean jarduteko irizpideekin osatutako protokoloa. Iragarritako esku hartzearen eguna hurbildu ahala, mobilizazioak eta asteazken goizeko gosari antifaxista antolatu dituzte.

Badirudi herritarren antolakuntzak lortu duela Desokuparen esku hartzea gelditzea, nahiz eta zer gerta ere, oraindik alerta jaitsi ez den.

Husteek ez dute etenik

Desokupak bueltako bidea hartu arren, AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuko kideek bart Hala Bedin ohartarazi bezala, etxe kaleratzeek indarrean segiko dute. Sindikatuko kide Andreak Bilboko udaltzainek Arrakala hustu berritan egindako adierazpenen arabera, Desokuparen mehatxuen aurrean emandako erantzunarekin pozik egon arren, "gaia fokalizatu beharko genuke ez hainbeste 'faxismoa vs. antifaxismoan', baizik eta etxebizitza problematikan". "Guri berdin zaigu izatea Madrilgo nazi batzuk edo munipa abertzale bat, argi dago helburu bera daukatela, jabetza pribatua babestea", adierazi zuen, ohartarazteko Desokupari planto eginik ere, beharrezkoa dela egunerokoan gertatzen diren etxe kaleratzeei aurre egitea.