“Itzali azpijokoak, piztu eskubideak” dinamika aurkeztu dute hiriko dozenaka mugimenduren babesarekin. Kaleratzeak gelditzea, bizitzeko gainontzeko oinarrizko baliabideak bermatzea, kalean inor ez bizitzea eta etxebizitza eskubide bihurtzea exijitu dute.
Larunbatean aurkeztu du kanpaina Gasteizko Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Ekimenak. Hiriko dozenaka mugimendu sozial, politiko eta sindikal daude ordezkatuak ekimenean. Etxebizitzaren arloan larrialdi egoera bizi dela adierazi dute ekimenaren ordezkariek prentsaurrekoan. COVID-19aren aurretik ere egoera larria zela ziurtatu dute, eta birusaren etorrerak egoera gaiztotu besterik ez duela egin. Egoeraren erantzule egin dituzte Udala eta enpresariak bultzatzen duten eredua: “Azpiegitura handiak eta luxuzko etxebizitzak eraikitzen jarraitu, gure hirian etxerik ez duten bizilagunak eta bizilagunik ez duten etxeak egoten jarraitzen duten bitartean
Aldarrikapen taula
Lau aldarrikapen zehatz egin dituzte. Lehenik, pertsona guztien kaleratzeak gelditzea, alarma egoera den bitartean zein hori behin desagertuta ere. Salatu dute, etxegabetzeko debekua ez dela bete kasu guztietan Gasteizen. Etxebizitza eskubide bezala tratatzea da taulako bigarren puntua. Horretarako, alokairu sozialeko etxebizitza parke publikoa handitzea, etxebizitza ordaintzeko bideratzen den diru-kopurua legez mugatzea, eta etxebizitza eskuratzeko orduan arraza, genero, adin edo bestelako edozein diskriminazio ekiditea galdegin dute. Hirugarrenik, bizitzeko oinarrizkoak diren elementuak bermatzea eta publikoak izatea eskatu dute prentsaurrekoan, ura, argindarra, gasa, eta interneterako sarbidea aipatuz. Azkenik, gogoratu dute udalaren ardura dela Gasteizen kale gorrian bizi den herritarrik ez egotea eta, hori bermatu ordez, EAJ-PSE Udal Gobernuak etxegabeen egoera are gehiago larriagotu duela azken urtean bere neurriekin. Olarizuko etxe okupatuetako bizilagunen aurkako jazarpena jarri dute adibidetzat.
Hausnarketa eta borroka
“Urgentziazko egoeran urgentziaz” egindako aldarrikapenak direla azaldu dute ekimenaren ordezkariek, baina etxebizitza negozio izatetik eskubide izatera lortzeko bidean “askoz gehiago” dela “hausnartu, esan eta borrokatu” beharrekoa. Horretarako gonbita egin diete gasteiztar guztiei. “Gaur aurkezten ari garen dinamikaren baitan ekintzak egingo ditugu hurrengo hilabeteetan, gure hausnarketa eta borroketan aurrera-pausoak ematen jarraitzeko. Egon adi beraz, martxotik aurrera antolatuko ditugun deialdietara”.