Espainiako Kongresuan aurkeztuko dute lege egitasmoa eta hauek izango dira proposamen nagusiak: Etxea ordainean uzteko eskubidea ezartzea, alokairu legea aldatzea, kaleratzeak gelditzea, etxebizitza soziala sustatzea eta oinarrizko zerbitzuak bermatzea. Manifestazioa egingo dute apirilaren 26an, Iruñean. Sindikatuen gehiengoak babesa eman du.
Maiatzaren 14an aurkeztuko dute lege egitasmoa Madrilen, babaesa eman duten alderdien bitartez. Bost neurri nagusi proposatuko dituzte: Lehena, hipotekaren zorra kitatzeko etxea ordainean utzi ahal izatea eta abalisten etxebizitzen bahitura debekatzea. Bigarrena, alokairu merkeak sustatzeko prezioak arautu eta bermeak handitzea, eta kontratuak larrialdi kasuetan soilik etetea. Hirugarrena, kaleratze aginduak etetea, eta horretarako, bankuak alokairu soziala eskaintzea eta administrazioak behin behineko etxea bilatzea. Laugarrena, etxebizitza soziala bultzatzeko neurriak ezartzea. Eta bosgarrena, ura edo argindarra bezalako oinarrizko zerbitzuak bermatzeko neurriak ezartzea.
Nafarroako PAH plataformako ordezkariek azaldu dutenez, lehentasun moduan ikusten dute, besteak beste, bankuek ezarritako “abusuzko klausulak” bertan behera uztea eta kalteak jasan dituztenei ordainak ematea. Etxebizitzari lotutako eskubideez gain, pobrezia energetikoa gainditzeko neurriak ere aurkeztuko dituztela esan dute.
Manifestazioa deitu dute apirilaren 26rako, Iruñean. Orotara, hamaika sindikatuk babestu dute lege proposamena eta manifestazioa: ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, CGT/LKN, ESK, CNT, EHNE eta Solidari. 29 eragile sozialek ere babesa eman dute, horien artean Munduko Medikuak, SOS Arrazakeria, Ekologistak Martxan eta Medicus Mundi.