argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza benetan eskuragarria izan dadin

Xuti Gazte @xutigazte 2023ko martxoaren 28a

Martxoaren 25an hainbat gazte elkartu gara Miarritzeko Carmen immobilier agentzian. Datuak kezkagarriak dira, urtean 20.000 etxebizitza turistikotik gora daude alokagai Ipar Euskal Herrian, 42.235 bigarren etxebizitza eta 11.904 etxe huts daude, eta herri batzuetan bigarren etxebizitza kopurua %40 baina gehiago da. Ikasleok gure gastuen %65 baino gehiago bideratzen dugu etxebizitzara, eta hala ere, 2020. urtean 11.699 etxebizitza sozial eskatu baldin baziren ere, 1.223 bakarrik banatu ziren.

Pozez hartzen dugu berriki onartutako konpentsazio neurria, baina neurri berri horiek ez dute etxebizitza gazteontzat eskuragarri bilakatzen. Gazteok bizi eta lan baldintza prekarioak ditugu, beraz, ez dugu aski dirurik gure herrietan etxebizitza bat alokatzeko, are gutxiago erosteko, eta hainbat gaztek haien herriak utzi behar izaten dituzte.

Gazteok emantzipatu ezinean gauden bitartean, etxe saltzaile eta higiezin agentziek espekulatzen jarraitzen dute. Ezartzen dituzten prezioak turista dirudunek bakarrik asumitzen ahal dituzte

Emantzipatu ezinean gauden bitartean, etxe saltzaile eta higiezin agentziek espekulatzen jarraitzen dute. Ezartzen dituzten prezioak turista dirudunek bakarrik asumitzen ahal dituzte, eta turista horien nahien arabera soilik kudeatzen dira etxebizitzak: ikasturtean zehar bakarrik alokatzen diren etxebizitzak udan turistei alokatzeko, ikasturtean zehar hutsik gelditzen diren etxebizitzak…

Instituzioek ere trabak baizik ez dituzte jartzen emantzipatzerako orduan. Konpentsazio neurria onartu berri den arren, datuek erakusten dute behar dena baino askoz etxebizitza sozial gutxiago banatzen dela, eta gazteon baliabide ekonomikoak ikusiz ezinbestekoa da etxebizitza sozial kopurua emendatzea.

Etxebizitza benetan eskuragarria izan dadin urte osoan prezio apalagoan alokagai egonen diren etxebizitzak behar ditugu. Horregatik, gazteok ere apirilaren 1ean Herrian Bizi plataformak Baionan antolatu duen mobilizazioan parte hartuko dugu.