Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.
Hogeita hamar urte bete ditu Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak. Horren harira, etxebizitza bazterketari aurre egiteko jardunaldi batzuk antolatu ditu Iruñean. Sareak iragarri duenez, etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan. Horrez gain, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago. Iazko datuekin alderatuta, %2,9 igo da kopurua. “Prezio altuek kezka handia eragiten digute ondorio zuzenak dituztelako etxebizitzaren problematikan”, esan du Begoña Alfarok, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak.
Gaineratu du etxebizitza “duinagoak” behar direla: “Geroz eta familia gehiago ikusten ditugu gela bakarrean edota oinarrizko beharrak betetzen ez dituzten etxebizitzetan”.
Sareko presidentea den Andrea Coreak nabarmendu du, etxebizitzari lotutako neurri politikoek begirada kritikoa izan behar dutela: “Bazterkeria egoeran dauden pertsonek etengabe pairatzen dituzten jarrera arrazisten, xenofoboen eta aporofoboen kontrako neurriak hartu behar ditugu”.