Gizarte Zerbitzuek familiari behin-behineko bizitoki bat ziurtatu diotela eta lau egunera udalarentzat “garestiegia” zelako ukatu diotela jakinarazi dute Alde Zaharreko eta hiriko eragileek: gizarte zerbitzuen jarrerak “familiaren etsipena larriagotzen du”, salatu dute.
Oinarrizko eskubideen urraketa berria salatu dute “berriz ere” Alde Zaharreko Gasteiz Txiki Auzo Elkarteak eta Auzoan Bizi Plataformak, CEAR Euskadiren, Eskubide Sozialen Plataformaren eta Kalean Gorrian Inor Ez ekimenaren babesarekin, oraingoan prentsa ohar baten bidez.
Ekainaren 2an eginiko prentsaurrekoan eragile berberek esandakoak gogoratu dituzte lehenik: “Maiatzaren 10ean ARGIA-k familia baten kasua ezagutarazi zuen (senar-emazteak eta hiru seme adingabe). Alarma egoera betean eta gizarte langilearekin harremanetan zegoela, konfinamendua pasatzen ari ziren gelatik kanporatu eta kale gorrian geratu zen. Gasteizko Udalaren larrialdi zerbitzuen aldetik inongo alternatibarik ez jasotzean, Olarizuko etxebizitzetara iritsi ziren, urik eta argirik gabe eta poliziaren etengabeko presioarekin”. Bertan azaldu zutenez, prentsaurrekoaren deialdia publiko egin zen egunean bertan familiak zerbitzu sozialen deia jaso zuen, “familiarentzako behin-behineko egoitza irtenbide bat” topatu zutela esanez. Muturreko bazterkeria egoera hobetze bidean zegoela adierazi zuten egun hartan.
Etsipenean sakondu
Errealitatearen bilakaera erabat kontrakoa izan da, ordea, auzoko eta hiriko eragileek gaur salatu dutenez. Zerbitzu sozialen lehenbiziko deiak familiari lasaitasuna ekarri ziola azaldu dute, haientzako etxebizitza bat zegoela ziurtatu baitzieten: “Etxez aldatzeko prestatzera eta seme-alabei jakinaraztera gonbidatu zituzten”. Baina “prentsaurrekotik denbora tarte laburrera” familiak gizarte langilearen beste dei bat jaso zuen (lehenbiziko deitik lau egunera). “Iragarritako irtenbidea ukatzen zieten orain, udalarentzat garestiegia zelako”, azaldu dute. Egoera bere horretan mantentzen da, beraz. Baina Alde zaharreko eragileek azpimarratu dute familiaren etsipena handiago dela orain gizarte zerbitzuen portaeraren ondorioz, lehenbizi gauza bat agindu eta jarraian agindutakoa ukatu baitiete.
Gertatua ez dela kasu isolatua azpimarratu dute Gasteiz Txikik eta Auzoan Bizik: “Familia askotan egoera larriagoa da pandemia eta krisi testuinguru honetan. Erakundeen erantzunak, arindu beharrean, egoera batzuk okertzea ekarri du”. Hirian jabetza publikoko etxebizitza asko dagoela gogoratu eta horiek erabiltzea eskatu dute, “bizi dugun bizitegi-larrialdiari aurre egiteko”.