argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza bat okupatu dute Donostian hotel baten eraikuntzari erresistentzia egiteko
  • Donostiako Alde Zaharrean hainbat herritarrek etxebizitza bat okupatuta daukate joan den ekainetik, hotel berri baten eraikuntza gelditzen saiatzeko. Larunbatean egindako prentsaurrekoan jakinarazi eta erresistentziarako deia egin dute, nabarmenduz, Udalak ez duela sinatu azken baimena.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 25a
Prentsaurrekoa Donostiako alkate Eneko Goia eta turismo zinegotzi Ernesto Gascoren maskarekin egin dute.

Turismofobia izeneko oharra irakurri dute hainbat auzokideren babesean eta aurpegiak Eneko Goia alkate eta Ernesto Gasco alkateordearen maskarekin estalita. Okupatuta daukaten etxebizitzatik pankarta handi bat zintzilikatu dute ondorengoa idatzita: "H + ez. Erresistentzia".

Prentsaurrekoan turistifikazioaren ondorioak salatu dituzte, hala nola, hiriko alokairuen prezioen etengabeko igoera, bertako hizkuntzaren kaltetan ingelesaren nagusitzea edo ordu txikietako zalaparta. "Beldurra diogu udaletxeak industria turistikoarekin duen batasun interesatuari", adierazi dute.

Horren aurrean, bi aukera ikusten dituztela adierazi dute: batetik, "turismoari bidea ireki eta gure auzotik deserriratzea"; bestetik, "beldurra borroka bilakatu, eta hotelari, turistifikazioari eta bere erantzuleei gerra deklaratzea". Bigarren hautu hori egin dutela jakinarazi dute.

Eraikinaren jabetzaz informazio xehea eman dute. Hala nola, eraikinaren jabea Zaragueta familia dela, eta hauek hotela eraikitzeko baimena Asier Arriola izeneko enpresari bati eman diotela. Enpresari hau ondorengoen jabe dela jakinarazi dute: The Parranda, Atari, Sirimiri, Youth Hostel, Gu diskoteka eta Basque Travel bidaia agentzien buruari. "Burgesiak milioika euro irabaziko ditu hotelarekin, eta argi eduki ez dugula aberastasunik jasoko, baizik eta lan prekarioak eta gure auzoetatik kanporatzea. Turistak jasotzeko, eraikin horretako 13 pisuetan bizi litezkeen familiek beste norabait alde egin behar izan dute: hori da turistifikazioaren biolentzia".

Hotela ez eraikitzeko eskatu dute eta hala egingo balitz, arduraduna Donostiako Udala litzatekela adierazi dute, Alde Zaharra "gune saturatu" hark izendatu zuela gogoraraziz.

"Bien bitartean, gure apustua argia da: ekintzaren bitartez, botereak kentzen diguna guk geuk hartu eta auzoko komunitate sareak indartzen jarraituko dugu. Zentzu honetan, gure proiektua defenditzeko eskatzen dugu, bai eta Errekaleor, Tosu, Deustuko gazte lokala eta arriskuan diren gune aske guztiak ere", jakinarazi dute. "Guk argi daukagu: Hotela gelditzera goaz".