argia.eus
INPRIMATU
Etxebide eta Lanbidek laguntza ukatu diote aniztasun funtzionala duen eta indarkeria matxista pairatzen ari den emakume bati
  • Berri-Otxoak plataformak eta Argitan elkarteak Etxebide eta Lanbideren krudelkeria salatu dute. Etxebidek etxebizitza eskatzaileen zerrendan inskripzioa egitea ukatu dio emakumeari, eta ondorioz, Lanbidek 3.800 euro erreklamatzen dizkio. Arartekoak erresoluzioa helarazi du, kaltetuaren alde.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko abuztuaren 28a
Argazkia: Ecuador Etxea

Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak eta Berri-Otxoak Gizarte Bazterketaren aurkako eta Gizarte Eskubideen aldeko plataformak salatu egin dute Etxebidek eta Lanbidek Barakaldoko emakume bati emandako tratua. Etxebidek etxebizitza babestu eskatzaileen erregistroan izena ematea ukatu zion, eta ondorioz, Lanbidek 3.800 euro erreklamatzen dizkio emakumeari etxebizitza prestazio osagarriagatik (EPO), berau jasotzeko baldintza baita Etxebiden erregistraturik egotea.

Kaltetuak indarkeria matxista jasateaz gain %57ko desgaitasuna daukala jakinarazi dute, eta honen egoera zaurgarria izanik ere bi zerbitzuek ez diotela laguntzarik eskaini azpimarratu. Are gehiago, emakumea berbiktimizatu egin dutela eman dute ulertzera, seinalatuz administrazio publikoak izandako jarrera ere emakumeenganako indarkeriazkoa izan dela. “Iñigo Urkullu lehendakariari eskatzen diogu aurrerapauso bat eman dezala eta froga dezala ez dagoela zigorgabetasunik emakumeen aurkako indarkeriazko jardueretan, zeinak ez dituzten soilik bikote matxistek burutzen; kasu honetan bezala, dramatikoak diren eta pertsonen bizitza arriskuan jartzen duten egoerak ulertzen eta ulertu nahi ez dituzten administrazio publikoaren partetik ere ematen dira”, adierazi dute.

Etxebideren ukapenak berak emakumeak bizi duen indarkeria matxistari ezikusia egiten dio, erregistroan izen-ematea oztopatu baita bistakoa izan arren emakumeak ezinezkoa zuela “familia-etxebizitzan bizitzea, emakumea genero-indarkeriaren biktima zelako eta erasotzailea bertan bizi zelako”. Egoera hori izanik ere, Etxebidek defendatu du “eskaerak ez duela betetzen aurreko bi urteetan etxebizitzarik eduki ez izanaren baldintza”.

Arartekoak erresoluzioa helarazi du kasuaren gainean, Etxebizitza saileko Bizkaiko ordezkariari hartutako erabakia zuzendu dezan eskatuz. Beren aldetik, elkarte salatzaileek jakinarazi dute mobilizazioei ekingo dietela, jazotako gertaerengatik zigorrak jarri eta kasua zuzentzea lortzen den arte.

“Buruak mozteko” eskakizuna

Berri-Otxoak eta Argitanek azalpenak eta erantzukizunak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari, “adiministrazio publikoaren jardun krudelaren” aurrean. Are gehiago, “buruak mozteko” beharraz ohartarazi dute: “Ez da aski zuzentzea, Eusko Jaurlaritzak egitateen bidez frogatu behar du serio hartzen duela matxismoaren aurkako babesa eta borroka, eta horretarako, politikoki buruak moztu behar ditu eta zigorrak ezarri halako jarrerei, bidegabeak, umiliagarriak eta iraingarriak izateaz gain, lotsagarriki eta lotsagabeki berbiktimizatzen baitute genero-indarkeria jasan izanagatik justiziak babestutako emakume bat”.

Honako kasu hau edalontziak gainezka egitea eragin duen tanta dela, baina berez indarkeria matxista pairatu duten emakumeei laguntza ukatzea Lanbidek ohikoa duen jarrera dela ere salatu dute.