argia.eus
INPRIMATU
Etxebarriko emakume batek jasandako sexu-erasoa salatu dute ehunka herritarrek
  • Igandean egin dute elkarretaratzea, 17:00etan, Zintururi plazan, San Antonio jaietako jai batzordeak, txosnek eta Etxebarriko Udalak deituta. Eraso matxista larunbat goizaldean gertatu zen.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko ekainaren 10
Etxebarrin egindako elkarretaratzea. Argazkia: EITB

Etxebarriko jaien lehenengo egunean emakume batek eraso matxista jasan zuela salatu zuen. Ertzaintzak ikerketa martxan jarri du, baina ez du inor atxilotu, Lakuako Segurtasun Sailak adierazi duenez.

Etxebarriko Udalak sare sozialetan esan zuen gertatutakoaren ondoren erasoen aurkako protokoloa abian jarri zuela. Horregatik, larunbat gaueko egitaraua bertan behera gelditu zen. Horrez gain honakoa adierazi zuen: “Gure jaiak elkartzeko eta ongi pasatzeko espazioak dira, eta horretara datozen pertsona guztiak ongi etorriak dira, betiere bizikidetza eta askatasuna errespetatuz. Baina baten bat bestelako intentzioekin baldin badator ez da ongi etorria izango” .