Artean (Bizkaia) dagoen Etxebarrie baserri agroekologikoko kideek laguntza eskatu dute joan den irailean sute batek kiskali zien ogitarako labea berritu eta laborantzatik bizitzeko beren ahalegina sal batu nahian. 17.500 euroko inbertsioa egin beharra daukate eta kanpaina amaitzeko 33 egunen faltan 3.000 euro bilduta zeuzkaten borondatezko laguntzatan.
Bizkaiko EHNEk zabaldutako mezu baten bidez jakin dute askok deiaren berri eta kanpainaren lehen egunetan ia 3.000 euro osatuak zituzten Goteo.org gunean crowfundingerako antolatutako Etxebarrie Baserrie SOS orritik beren laguntza bideratuta. Horrekin bermatuta daukate labe berriarentzako teilatua eta eraikina osatzea, baina labe berria erosi eta hura abian jartzeko azpiegitura guztia antolatzeko 17.500 eurotara iritsi beharra daukate, baserritarren hitzetan: " Egoera honek eskakizun legal eta sanitario guztiak beteaz ogi obradore berria egin eta egur laba ordezkatzera gaude behartuta, honek suposatzen duen inbertsioa bere osotasunean gure gain hartu ezin dugularik. Horregatik proiektuaren biziraupena bermatzeko zuen laguntza eskatzen dugu. Eskatzen dugun ekarpena obradorea egiteko materiala erosteko da, azpiegitura guztiak guk egingo ditugulako auzolanean".
Etxebarrie baserria Artean dago kokatua eta bertan elikagai agroekologikoak ekoizten ditugzte. 2010. urtean hainbat gazte elkartu eta nekazaritzan lan egiteari ekin zioten, pinu monolaborantza zena jaki osasuntsuen ekoizpenerako leku bihurtuz. Barazkiak ekoiztu eta astero banatzen dituzte otzaren (saskien) bidez. Bigarren jarduera dute erlezaintza, eztia, propolia, erregin gela eta erlekumeak beste erlezain txiki askorentzat ekoiztuz. Baserriaren hirugarren zutabea da ogiaren ekoizpena, ama-orea, irin ekologikoa eta egur labea erabiliz. Hirugarren hanka hau da, hain zuzen, kolokan daukatena irailean sute batek kiskali zienetik.
150 familiari elikagaiak eskuratzen dizkien Etxebarrie baserria talde lanean kudeatzen dute eta ekoizpen gune horretatik abiatuta parte hartzen dute inguruko hainbat ekimenetan: Igitie Arratiako asanblada agroekologikoa, EHNE Bizkaia, Maskilu transformazio, Esnetik eta abar.