argia.eus
INPRIMATU
Etxebarria futbolaria Granadatik kanporatu dute, Altsasuko gazteen aldeko kamixeta eramateagatik
  • Futbol taldeak eta jokalariak ez dute adierazpen publikorik egin oraingoz. Vox alderdia kanpaina mediatikoarekin eta espediente bat aurkezteko mehatxuarekin presio egiten dabil gaztearen irudia zabaldu zenetik.

     

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 28a

Granada C.F. futbol taldeak Unai Etxebarria atezain euskalduna kanporatu du. Andaluziako eta Euskal Herriko hainbat hedabidek baieztatu dute kontratua etetea bi aldeek hartutako erabakia izan dela, eta bazirela “kirol arloko arrazoiak” Getxoko gazteak taldea uzteko.

Ezohiko irteera izan da ordea, Granada C.F-k ez baitu irteeraren berri eman bere sare sozialetan, ezta Etxebarria berak ere. Espedientea zabaldu zioten unean ere dena isilpean mantendu zen. Izatez, hirian Vox alderdiak duen zinegotzi batek, Onofre Mirallesek, jokalariaren aurkako espedientea irekitzea eskatu zuela adierazi zuen publikoki. Geroztik, klubak eta futbolariak diskrezio osoz eraman dute gaia.

Etxebarria Granadaren ospakizunetan izan zen Europako txapelketarako sailkatu zenean, “Altsasukoak aske" zion kamiseta ezagunarekin. Euskal Herrian milaka lagunek daramate halako elastikoa, Koxka tabernako liskarragatik espetxeratutako gazteei elkartasuna adierazteko. Etxebarria ez zegoen jokatzera deituta, eta beraz, oharkabean pasa zen hasiera batean. Gerora, ordea, Voxek haren aurkako kanpainari heldu zionean, ziztu bizian zabaldu zen.

Oraingoz, Granadak ez du ofizialki kontratuaren etetearen inguruan berririk eman, eta bere webgunean jokalarien zerrendan mantentzen du Etxebarria, bigarren taldean. Atezainak 24 urte bete ditu eta beste urtebeteko kontratua du taldearekin. Bere kirol jatorria Athleticeko harrobian kokatzen da.