argia.eus
INPRIMATU
Etxean konfinatuta biziko dute Ramadama musulmanek ere
  • Erlijioren batean sinesten dutenentzat, ospakizun garaiak dira hauek. Aste santu kristaua eta judutarra pasatu berri, musulmanen Ramadama hasiko da ostegunean. Jainkoa dute oinarri ospakizunok, baina sozializaziorako aukera izan ohi dira. Orain, ordea, etxetik ateratzeko debekuak ospakizunak beste era batera antolatzera derrigortu ditu sinestunak: etxetik eta Internet bidez.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko apirilaren 22a
Fededun bat bakarka otoitz egiten. Argazkia: YouTube.

Musulmanen hilabete sakratua hastear da: martxoaren 23tik maiatzaren 23ra bitartean mundu osoko musulmanek barau egingo dute egun osoan zehar, eguzkia sartutakoan egunean jan ez dituzten guztiak jateko. Baina baraualdirako soilik ez, otoitz egiteko eta bizilagun eta lagunekin elkartzeko egunak izaten dira horiek, aurtengo egoeran horri buelta bat eman beharko badiote ere.

Eta horrela egin dute, teknologia berrietara moldatu dira buruzagi musulmanak, eta biderkatu egin dira Facebook eta Twitter bidezko aholkuak. Etxean gelditzeko eskatu diete fededunei, gainditu beharreko beste “erronka” bat dela. Aurtengoa etxekoen artean bakarrik ospatutako Ramadama izango da.

Krisia meskitetan

Meskitak hutsik egongo dira aurten. Ramadameko baldintzetako bat baraualdian dagoenari jana eskaintzea da, eta hori meskitan egiten dute. Egungo egoera dela eta ezingo dute meskitetara hurbildu, baina janaria emateko errituarekin jarraitzera bultzatu ditu, adibidez, Espainiako Estatuko Komisio Islamikoak.

Meskitak hutsik egotea, ordea, arazoa da zenbait elkarterentzat. Izan ere, elkarte erlijioso horien diru-sarrera nagusia sinestunek egindako donazioak dira, eta erritualik egingo ez dutenez ez dute diru hori jasoko. Zenbait meskitak ERTEra bidali behar izan dituzte beren langileak, diru-sarrera faltan zeudelako.