argia.eus
INPRIMATU
Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak
  • Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko uztailaren 11
Vilaweb

Etxera dira jada ERCko idazkari nagusi Marta Rovira, ERCko diputatu Ruben Wagensberg, Òmniun Culturaleko Oleguer Serra, enpresari Josep Campmajó eta Directa-ko kazetari Jesús Rodríguez, Tsunami auziko inputatu erbesteratuak.

Ostiral goizerako hitzordua ipini dute Cantallops-en, Gironan, Wagensberg bizi den herrian, 09:00etan. Ekitaldi politiko bateratua egingo dute bertan. Ondoren, bakoitzak hitzorduak izango ditu bere elkartasunerako sortu diren taldeekin. Marta Rovirak, esaterako, gatazka betean dagoen ERCren exekutibarekin ezohiko batzarrean egoteko asmoa du arratseko lehen orduan, baita ondoren egingo den ERCren Kontseilu Nazionalaren bilkuran ere.

Ostegun arratsean agur kutsuko juntadizoa egin dute Genevan, Suitzan, autoa hartzeko unean eta hara joan diren hedabide kataluniarren aurrean. 17:30 aldera abiatu dira etxera bueltan.

 

Tsunami auziari errepasoa

Tsunami Democràtic-en aurkako ikerketa judiziala 2020an abiatu bazen ere, 2023ko azarora arte ez ziren mahai gainean jarri terrorismo eta giza eskubideen aurkako delituak, hain justu ere Espainiako Kongresuko alderdiak Amnistia Legearen negoziaketa bete-betean zeudenean. Iazko uztaileko hauteskundeen ondotik, Espainiako gobernu berriaren osaketarako PSOEk ez du aski erraz gehiengoa eskuratzerik izan: ezinbesteko zituen alderdi euskaldun eta katalan independentisten babesak. Orduan, Junts-ek –Carles Puigdemonten alderdiak– bere botoak PSOEren eskura jarri zituen baldin eta buruzagi independentistak amnistiatzen bazituen eta erreferendum berri bati bide ematen bazion –azken eskaera hori ahanzturan geratu da–. PSOEk orduantxe zabaldu zuen amnistiarako aukera, hauteskunde kanpainan hitzeman arren ez zuela egingo. Eta kostata, baina legea gauzatu zuen gero –joan den maiatzaren hondarrean onartu zen–.

Amnistia Legearen lehen testuak ezagutzera eman zirenean, Tsunami Democráticen aurkako auzia ikertzen ari zen Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel García-Castellónek terrorismo delitua jarri zuen mahai gainean, propio, delitu horiek ezin baitira amnistia lege bidez indargabetu. Puigdemont eta Wagensberg, bata europarlamentarioa eta bestea Kataluniako Parlamentuko diputatu izanik, aforatu babesa dutenez, Auzitegi Gorenaren eskuetan geratu ziren; baina berdin-berdin, Auzitegi Nazionalaren argudioak hitzez hitz erosi zituen Gorenak.

Testuinguru horretan, iazko azaroan, hamabi pertsona terrorismo eta giza eskubideen aurkako delituagatik inputatu zituen Espainiako botere judizialak. Orduantxe erabaki zuten Wagensberg, Rodríguez, Serra eta Campmajók erbestera joatea. Suitzan egon dira, Genevan ia denak, Rovira zegoen lekutik gertu –Rovirak 2017ko procésaren ondoren egin zuen hanka, Puigdemontek bezalaxe–.

Itzultzeko aukera errazik ez duena, momentuz, Puigdemont da. Tsunami auzia artxibatu bada ere, 2017ko erreferendumean eta horren aurreko procésean "aberastu" egin zela leporatzen dio Espainiako justiziak, diru publikoa "bidegabe" erabiltzeagatik. Gorenak uztailaren hasieran errebisatu du kasua, eta esan du delitu hori ez dela amnistiatzeko modukoa. Errekurtsoa jarri diote Gorenaren berrikuspen horri.

Tsunami auzia artxibatzeko erabakia

Aste zinez berezia izan da Tsunami auziarentzat eta auziko inputatuentzat. Aste honetan eman du 180 graduko itzulia, ordu oso gutxiren buruan.

Lehenik, astelehen arratseko lehen orduan, inputatuek inora joango ez zela uste zuten helegite bati esker, Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak esan zuen baliogabetu egin behar zirela Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, García-Castellón epaileak "ilegalki" luzatu zuelako, epez kanpo. Beraz, ebazpen horrekin, terrorismoaren eta giza eskubideen urraketen delituak bertan behera geratzen ziren.

García-Castellón magistratuari oporraldian harrapatu dio ebazpenak. Ordea, jar ziezaiokeen errekurtsoa ebazpen horri, eta auzia, denboran bazen ere, gero eta gehiago luzatu. Baina askoren harridurarako, eta erbestean zeuden inputatuek ARGIAri esan diote horrela bizi izan zutela, kasua artxibatzeko erabakia hartu zuen García-Castellónek astelehen gauean. Hala ere, ez zen isilik geratu eta idazkian seinalatu zuen "terrorismo zantzuak" ikusten dizkiela Tsunamiko gertakariei.

Itzulera gertu ikusten hasi ziren ostegun arratsera arte erbestean zeuden Tsunami auziko inputatuak. Marta Rovirak, García-Castellón magistratuaren erabakiaren hurrengo egunean, ausardiaz hitz egin zuen RAC1 irrati kate kataluniarrean: "Justizia poetikoa da. Emozioz beterik nago. Momentu oso berezia da, eta espero gabe etorri da". Horrekin batera esaten zuen asteburu honetarako Katalunian ikusten zuela euren burua, larunbatean ERCko emakumeen asanblada deitua delako eta bera horra joateak "zentzu politiko eta sinboliko osoa" izango lukeelako.