Bartzelonako epaitegi batek baliogabetu egin du etxegabetze bat; eta hipoteka-exekuzioa gehiegizko klausulen menpe egin zela ere esan du epaian. Horregatik, etxea jabeari itzultzea agindu dio Bankiari.
Epaitegiak maiatzaren 5ean hartu zuen erabakia, Europako Justizia Auzitegiak Aziz kasuaren epaiari buruz esandakoarekin ezarritako doktrina jarraituz.
Eta epai europar horrek iazko martxoan Espainiako hipoteka-araudia legez kanpokotzat jo zuen, kontsumitzaileen eskubideak urratzeagatik eta etxegabetzean hipotekatua babesik gabe uzteagatik.
Etxeak berreskuratzeko lehen urratsa?
PAH Kaleratzerik Ez elkarteak komunikatu batean adierazi duenez, epai honek milaka pertsonari atea ireki diezaieke euren etxeak berreskuratzeko, bankuen neurriz kanpoko erabakien ondorioz etxegabetuak izan eta gero.