Alokairuan zen bikote baten kaleratzea salatu du Aranzadik.
Etxearen jabearekin, argindarrarengatik ordaindu beharrekoaren harira sortutako liskar batengatik, alokairua ordaintzeari utzi zioten. Jabeak, alokairua ordaindu gabe egon direla salatu du eta beren kaleratzea eskatu. Gaur azaldu da idazkari judiziala etxean, serraila aldatzera. Aranzadiko zinegotzia den Laura Berrok eta talde bereko kidea den Aitor Balbasek protesta egin eta kaleratzea ekiditen saiatu dira.
Duela hilabete bazekiten kaleratuak izanen zirela eta jadanik aterata zituzten beren gauza guztiak etxetik. Gaur hala ere, protesta egin nahi izan dute idazkari judiziala serraila aldatzera azaldu denean. Haiekin ziren Aranzadiko Laura Berro eta Aitor Balbas. Idazkariari sartzen eragotzita, Iruñeko udaltzainak azaldu dira, etxe kaleratzea egin ahal zedin. Erresistentzia egin dute Aranzadiko bi kideek eta identifikatuak izan dira.
Aranzadik salatu du etxe kaleratzeen arazoa ez dela soilik bankuetxeen hipoteketara mugatutako auzia. "Alokatzeko etxeak espekulazio ondare moduan erabiltzen dute etxe jabe askok" adierazi dute, "alokatuta daudenak eskubiderik gabe eta defentsarik gabe geratzen dira, etxe jabeak alokairua bapatean igotzea erabakitzen badu". Gaurkoa ez dela kasu isolatua azaldu dute, geroz eta gehiago ematen baitira, alokairu etxeetatik kanporatuak izaten ari diren pertsonak.
#11gaur @HamaikaTb @aranzadi2015-ko kideak identifikatu eta salatu ditu poliziak, etxe kaleratze bati aurre egin izanagatik. pic.twitter.com/Jkf8fC2MRv
— Iosu Ganuza Garcia (@ganugan) 2019(e)ko martxoaren 26(a)
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.