Asteazken goizerako zeukan etxe kaleratze agindua Donostiako Ategorrieta kaleko 43. zenbakian bizi den bikote batek. Etxebizitza Azora funts putrearen jabetzakoa izatera pasa ostean alokairua igo zieten, eta ezin izan diote igoerari aurre egin. Goizeko 09:30etik herritarrak etxe parean mobilizatu dira, kaleratzea gelditzeko helburuarekin. 11:00ak pasata, kaleratzea gauzatu dute.
Azorako maizterrak elkarteak, Kaleratzeak STOP eta Alokairu Bentaberrik iragarri bezala, Azora funts putreak aurrera jarraitu du Donostiako Ategorrieta kaleko 43. zenbakian martxoaren 16rako agindutako etxe kaleratzearekin. Kaleratzearen aurrean, eta berau gelditzeko xedez, aipatu eragileek mobilizatzera deitu dituzte herritarrak; deialdiarekin bat egin du Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak ere.
Goizeko 10:00etarako zegoen aginduta kaleratzea, eta 09:30etarako zegoen hitzartuta kaleratzea oztopatzeko deialdia. Ordu horretarako, hainbat herritar bertaratu dira, baina Ertzaintzak ez die atarira hurbiltzen utzi Garako kazetari Maddi Txintxurretak bertatik informatu duenez. Txintxurretak jasotako irudietan ikus daiteke nola momentu batean Polizia protestan zirenei oldartu zaien. Lurrera bota eta esku-burdinak jarri dizkiote gizon bati, atxilotuaz.
Ategorrietako bizilagun batzuk kaleratzeko Ertzaintzaren dispositiboa. Agenteek ez diete uzten kaleratzea ekiditera etorri diren herritarrei portalera gerturatzen. @naiz_info pic.twitter.com/X5elaJirMA
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) March 16, 2022
10:30ak izateko minutu gutxiren faltan, zenbait pertsonak igaro dute Ategorrietako 43. ataria, eta Ertzaintzak kontrakoa adierazi arren, herritarren artean Batzorde Judiziala izan daitekeenaren susmoa sortu da. Geroxeago hala dela baieztatu du kaleratua izatear den bizilagunetako batek. Txintxurretak egindako zuzeneko jarraipenaren bidez argitara emandako informazioaren arabera, momentu batez bi aukera jarri dira mahai gainean: asteazkenean bertan gauzautzea etxe kaleratzea, edo maizterrei epe-tarte bat ematea beren gauzak etxetik ateratzeko. 11:00ak pasata, ordea, kaleratzea gauzatu dela jakinarazi da.
Iñaki Setien eta Rosa Mari Arratibel dira etxe kaleratu dituzten bizilagunak, Donostitik atari digitalak jaso duenez. Iturri berak jakinarazitakoaren arabera, Arratibelen familia 1923tik bizi izan da etxebizitza horretan, eraiki zen momentutik, alegia. Eraikina Azora funts putrearen jabetzakoa izatera pasa da ordea, eta %33ko igoera ezarri diete maizterrei alokairuan. Igoera horri ezin aurre egiteagatik kaleratu dituzte Setien eta Arratibel beren etxebizitzatik.
Kaleratzeak STOP plataformako bozeramaile Rosa Garcíak bertaratutakoei dei egin die udaletxera joateko.
Setien Azorako Maizterrak-eko presidente da, Azora funts putreak kaltetutako herritarrak biltzen dituen elkartea. Izan ere, Azorak Inmobilia Vascongada erosi zuenetik, 300 familiaren bizilekuak funts putrearen eskuetan egotera pasa dira. Etxe kaleratzea gelditzera deitu duten eragileek prentsa oharrean zehaztu dutenez, elkarte horren atzean "beste hamar familia umiletik gora daude kontratua iraungita daukatenak eta patu bera izan dezaketenak".