argia.eus
INPRIMATU
Etxe bat erre da Itsasun, ustez
espekulazioaren kontrako ekintza gisa
  • Bost egunetan bi etxebizitza erre dira Ipar Euskal Herrian eta bietan “EH ez da salgai” margoketak agertu dira. Eragindako suteak izan direla pentsarazi die horrek ikertzaileei.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 20a
Itsasun su hartu duen etxebizitza aurrealdeko horman \"EH ez da salgai\" pintada duela.

Larunbatetik iganderako gauean, Itsasutik nahiko isolatua dagoen Berandotz eremuan etxebizitza batek su hartu du. Etxearen jabeak Biarritzekoak dira.

Paueko polizia-etxeko identifikazio kriminaleko kideak Itsasun izan dira arrastoen bila eta kasua Pariseko terrorismoaren aurkako sekzioaren esku geratu da. Lehen emaitzen arabera lehergailuren bat izan da sutea eragin duena, baina auzia ez dago garbi oraindik.

Roger Gamoy Itsasuko auzapezak sutea salatu du eta “halako erasoek oso itxura txarra” ematen dutela gaineratu du.

Azaroaren 13an gisa horretako ezaugarriak dituen sutea izan zen Aiherran, pintada bera agertu baitzen eraikinaren pareta batean.

Azken hilabeteetan antzeko beste sute batzuk izan dira, maiatzean Ezpeletan eta 2012ko abenduan Heletan. Azken horretan Irulegiko Irratiari "Euskal Herria ez da salgai"-ren izenean eginiko telefono dei baten bidez bere gain hartu zuen erasoa.