argia.eus
INPRIMATU
Etxe barruan “arazoak” dituela aitortu du Ertzaintzaren buruak
  • Iñigo Urkullu lehendakariak, bestalde, oroitarazi du Ertzaintzak "konpromisoa, profesionaltasuna eta errespetua" beharrezko dituela: "Horiek betetzen ez badira, nekez beteko du gizarte honek ezarri dion helburua, herritarren segurtasuna bermatzea". Astelehen goizean protestan ari diren ertzainen erantzuna etorri da: Urkulluren hitzak "handiustearekin" eta "harropuzkeriarekin" lotu dituzte.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko ekainaren 05

Hamabi domina banatzen dituzten urteroko ekitaldian hain ohikoak ez diren hitz-trukaketak ere jazo dira, gizonezkoen txirrindularitzako proba nagusia, Frantziako Tourra, Euskal Herritik abiatzeko hilabete ere falta ez denean.

Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak nabarmendu du, lehen, iraganean, "arazoa kanpoan" zeukatela, "zipaios" eta antzerakoak esanez iraintzen zitzaielako. Orain, ordea, "arriskua barruan" daukatela iradoki du: "Lehen, gure polizia eredua aldatzeko arrisku hura kanpotik zetorren. Orain etxe barruan daukagu eta argi ibili behar gara, gure polizia eredua mantendu nahi badugu".

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ere hartu du parte, ohiko legez, Arkautiko aitortza ekitaldian. Inongo momentuan ika-mikak piztu dituen ertzain taldea aipatu gabe, zera oroitarazi du: "Ertzain izatearen arrazoiak aldatu al dira azken urteotan? Sentimenduak, balioak... aldatu dira? (...) Badira gaur egun ere bete beharrekoak: konpromisoa, profesionaltasuna eta errespetua. Ertzaintzaren nahitaezko hiru ezaugarri dira horiek, nabarmendu nahi ditudanak. Izan ere, horiek betetzen ez badira, erakunde honek, Ertzaintzak, nekez beteko du gizarte honek ezarri dion helburua: herritarren segurtasuna bermatzea".

Astelehen goizean heldu da Ertzaintzako sindikatuen eta "Ertzainak borrokan" protestan ari den ertzain taldearen oharra. Urkulluren hitzak "zitalkeriaren" adierazle dira haien arabera, "harropuzkeriaz" eginikoak, eta "bistako intentzionalitate argia" sumatzen da: "Ertzainen aurkako gerra deklarazioa egin dute".

Aldarrikapenak eta zailtasun handirik gabeko tranbia mozketak

Ertzaintzako adar batek, "Ertzainak borrokan" izenaren pean, hainbat mobilizazio deitu ditu azken asteotan, "lan-baldintza hobeak" eskatzeko. Hurrengoa ekainaren 6an izango da, asteartez, Jaurlaritzako Gobernu Bileraren ordu berean, bilkura horren leku berean.

Besteak beste, talde horrek, sareetan publiko egin eta gerora ezabatu zuten eskakizun zehatzak zekartzan oharraren arabera (El Correo-k jaso zituen albiste honetan, gazteleraz), honakoa aldarrikatzen dute: soldatak 1.100 euro igotzea hasteko, eta urtez urte KPIaren araberako igoerak edukitzea; bestelako neurri batzuk hartzea azken hamar urteotako eros ahalmenaren galera konpentsatzeko; 22 euroko dietak eguneko; eta disponibiliatea izatearen plusa 300 eurokoa izatea hilero, besteak beste.

Azken egunetan ugaritu egin dituzte protestak eta aldarri egiteko moduak. Esaterako, joan den ostegunean, Gasteizko Legebiltzarrean pleno eguna zela baliatuta, dozenaka lagunek tranbiaren zerbitzua eten zuten ordubete pasatxoz. Manifestarien parean ziren ertzainek, lanean ari zirenek, besoak gurutzatuta erantzun zioten ekintzari, eta hainbatek txalo egin zuten bukaeran. Segurtasun sailburuak, hurrengo egunean, legebiltzarreko kontrol saioan jakinarazi zuen espedienteak zabalduko zituela. Protestan ari den ertzain taldearentzat "gehiegizkoa" da izapideak zabaltzea, eta "haien aurkako erasoa" dago erakundeen partetik, Euskadi Irratian salatu dutenez.