argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Udalaren kontrako demanda, Etxarri gaztetxearen “desalojo ilegala dela eta”
  • Bilboko Administrazio Auziko epaitegietan "Errekaldeko Etxarri gaztetxearen aurka Bilboko Udalak aurrera eramandako desalojo jarduketaren kontrako demanda" aurkeztu du Bilboko Okupazio Bulegoak (BOM). Aipatutako demandak "udal jarduketaren baliogabetasunaren aitortza" eskatzen du legeek eta bestelako arauek Udalaren eskuetan uzten dituzten "ahalmenen mugen gainditzea delako".

Uriola.eus @uriolaeus 2017ko urtarrilaren 25
Ertzaintzak Errekaldeko Etxarri gaztetxea hutsarazi zuen iaz, azaroaren 30ean.

Desalojo jarduketa "larri horri erantzuteko" eta 2016ko abenduaren 13an Tomas Del Hierro Segurtasun zinegotziarekin batera eginiko agerpen publikoan Hiri Plangintza Saileko zinegotzi Asier Abaunzak eginiko "adierazpen lotsagarrien harira", Bilboko Okupazio Bulegoak (BOM) adierazi du "egoera bideratzeko hartu beharreko neurriak hartzeko prest" agertu dela. Hain zuzen ere, gaztetxeko asanblada izan da, Okupazio Bulegoaren bidez, Udaleko Bitartekaritza Zerbitzuekin batera egoera bideratzen aritu dena, gaztetxearen ixte espedientea ireki zenetik. 

Gaztetxeko asanbladako kideak eraikinaren ixtea onartu zuten, eta negoziatzen jarraitzera konpremetitu ziren. Ondorioz, "itzela izan zen sorpresa" iazko azaroaren 30ean Ertzaintza gaztetxea desalojatzeko asmoz bertaratu zenean. Bitartekaritza Zerbitzuek jarduketaren gaineko jakintzarik ez izateak "Udalak bide horri ematen dion balio eskasa erakusten du, kudeaketa eta erabakitze gaitasunak ukatzen dizkiola", Okupazio Bulegoaren arabera.

Ixte agindua bazegoen arren, horrek "ez du desalojoa, ondasunen inkautazioa eta eraikina hormatzea legitimatzen". Espedientean aipatzen den araudiak ez ditu eskumen horiek jasotzen. Ondorioz, BOMen aburuz, jarduketa "erabat ilegala" da. Izan ere, Udalak ez du eskumenik eraikin bat desalojatzeko epaitegietara jo gabe. "Dagokigun kasuan bete ez den premisa", BOMeko abokatuen esanetan. Eta jokabide hori "are larriagoa da" eraikina udal jabetzakoa ez denean, "dagozkion prozeduren bidez berreskura daiteke, baliabide publikoak bere zerbitzura jarri gabe".

Demandan aipatzen denez, "Bilboko Udala bezalako erakunde publiko batek prozedura legalari muzin egin eta horrelako desalojo bat aurrera eramatea ikuspegi juridikotik gertakari oso larria da. Eraikina okupatua dagoen lelopean edozein jokabide. Errealitatean, ordea, titulu juridikorik ez izateak ez ditu eraikina erabiltzen ari direnen eskubideak murrizten. Hau da, okupatuta egon ala ez, eraikinak eta berau erabiltzen duten pertsonak gainontzeko hiritarren berme legal berberak izan behar dituzte".

Horregatik, "lotsagarritzat" jotzen dute arestian aipatutako adierazpenetan Asier Abaunzak bere burua "legalitatearen babesletzat" agertzea. "Gainontzeko alderdi politikoen aurrean legalitatearen barruan mugitzen diren proiektu autogestionatuekin duen balizko elkarlan politika saldu zuen". Abaunzari zuzenduz zera eransten dute BOMetik: "Zinegotzi jauna, legalitatea betetzen ari ez den lehena berorren Udala da. Beraz, ez dugu berorren burua legitimotzat jotzen inori irakaspenik emateko".

Auzitegiek Udalari eraikin okupatu baten kontra "denak ez duela balio" argitzea espero dute Etxarriko asanbladak hainbat proiektu hartzen zituen bere baitan, eta "ilegalki kendu dioten eraikina berreskuratu ahal izatea" espero dute bai BOMeko kideek bai Etxarriko lagunek. Bitartean, Okupazio Bulegoak "okupazioaren zilegitasuna aldarrikatzen" jarraituko du, "kaleetan eta auzitegietan".

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra