argia.eus
INPRIMATU
Etxarri Gaztetxearen aldeko zenbait gaztek Bilboko udaletxeko osoko bilkura eten dute
  • Amenabar enpresak Bilboko Udalaren eskutik apirilaren 4rako agindu duten desalojoaren kontra azaldu dira bilkuran. Poliziak indarrez kanporatu ditu. Ostiral honetan18.30ean, Errekaldeko Plazatik hasiko den manifestaziora batzeko deia luzatu dute gazteek, baita desalojoaren egunean gaztetxea modu aktiboan defendatzekoa ere.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko martxoaren 27a
2022ko gaztetxearen atariko argazkia. Etxarri Gaztetxea

Bilboko udaletxeko osoko bilkurara sartu dira hainbat gazte ostegun honetan, eta sare sozialen bidez eman dute ekintzaren berri. Amenabar enpresa eraikitzaileak eta Bilboko Udalak onartutako proiektu urbanistikoaren ondorioz, Gaztetxearen desalojoa ezarri dute apirilaren 4rako.

Errekalden, Bilboko Kukutza III gaztetxea zegoen auzoan aurreikusita dago proiektu urbanistikoa. Martxoak 28an 18.30ean, Errekaldeko Plazatik hasiko den manifestaziora batzeko deia luzatu dute gazteek, baita desalojoaren egunean gaztetxea modu aktiboan defendatzekoa ere.

55 kolektibotik gora batu dira Bilboko Etxarri Gaztetxearen desalojoa bertan behera uzteko aldarrikapenera. Desalojo aginduaren erantzule zuzenak jarri dituzte mahai gainean martxoaren 25ean egindako prentsaurrekoan: "Batetik, gaztetxearen etorbidean egitekoak diren proiektu urbanistiko elitistarekin poltsikoak beteko dituzten Amenabarreko enpresariak, eta bestetik, Bilboko udala, pelotazo urbanistiko honen bultzatzaile nagusia, eta proiektua makillatzeko luxuzko eraikinen ondoan Babes ofizialeko etxebizitza batzuk eskainiko dituena". 

2014. urtetik martxan egon den espazioa da Etxarri Gaztetxea eta Kukutzaren eraisketaren ondorioz auzoan utzitako hutsuneari erantzuteko sortu zen. Babes sozial nabarmena du, ez soilik 60 eragile, pertsona edo komertziok desalojoaren kontra egiten dutelako, baizik eta beste hainbat egitasmorekin harreman estua duelako: "Auzoko hamabost elkarterentzat bilgunea izan da, eta gazteentzako lan gune gisa funtzionatu du, bertan hiru enpresa autogestionatu sortu dira".