argia.eus
INPRIMATU
Etxaldeak handiago, laborariak gutiago
  • Europako Laborantza Politika aski gai idorra da, eta ondoko ilabeteetan berritz nasaiki aipatuko da, laster finkatzekoak baitira 2027raino eramanen gaituzten hautuak.

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2019ko urriaren 21

PAC-aren dirulaguntzak urri erditik aitzina sartuko dira naski gure etxaldetarat,eta askok berantetsiak ditugu. Bakotxak berea biltzen du, eta nehor gutik salatzen du zenbat eskuratzen duen. Nahiz orain klixkako batez nornahik ikus dezakeen berea, eta beste guziena. Eta hor daude agerian egiazko eta alegiazko laborari guzien izenak, hor dauden bezala guti ala ainitz hunkitzen duten guziak. Agertzen ez dena, zenbat eta nola erabiltzen diren etxaldetan laguntza horiek, zenbat gelditzen den berehala gozatzeko, zenbat geroa bermatzeko, eta zenbat barreiatzen den inguruko ekonomia guziaren eskutarat.

2020tik gorako PAC-aren hautuak lantzeko, gobernuak atera berri du Frantziako laborantzaren egoera salatzen duen diagnostika. Hemendik aitzina Estatu bakotxak beharko ditu finkatu PAC-aren banaketaz ardietsi nahi dituen helburuak. Hautu horien inguruan izanen da oraino eztabaida frango, baina huna diagnoztikatik hartzen ditugun bi berri zehatz:

“Konzentratzen segitzen dute etxaldeek, gero gutiago izaten (%1,9 gutiago urtean 2010az geroztik), gero eta handiagoko etxaldeak (etxalde handiak %25 ziren 2010ean %40ez gora direlarik 2016an)...”

“Diru laguntzen maila eta hauek etxaldeen irabazi garbian zenbateko partea duten aldatzen dira etxaldeen eremuaren arabera.B aldintzarik gabeko laguntza zuzenak, (eremuari edo animale ilotuak) irabaziaren %5 baino gutiagoz sartzen dira 20 hektaraz azpiko etxalden irabazian, irabaziaren %10 eta %15artekoa betetzen dute 20 eta 30 hektara duten etxaldeentzat, %25a 30 eta 50 hektara dutenentzat. 50 eta 200 hektarako etxaldentzat, (hots Frantziako hiru etxaldetarik bata), irabaziaren %40 laguntza zuzenek osatzen dute. Emaitza hauk parte bederen laborantza sail guziak nahasi direnetik, adibidez,baratzegintza, fruitugintza ala mahastigintzako etxaldeak barne dira eta hauek banabesteko eremu ttipienak, zuzeneko dirulaguntza apalenak bezala”.