argia.eus
INPRIMATU
Etxahun Iruri ere gogoan hartuko dute aurtengo Xalbador Egunean
  • Urriaren 18 eta 19an ospatuko da aurtengo Xalbador Eguna, Deiadar elkarteak antolatuta. Urepelen izango dira ekitaldiak eta aurten Xalbador bertsolari eta poeta gogoan hartzeaz gain, Pierre Bordazarre Etxahun Iruri ere omenduko dute.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 05
'Agur Xiberoa' eta 'Oi ama Euskual Herria' abestien egilea da Iruri, besteak beste. (Arg.:gipuzkoakultura.net)

Etxahun Iruri, Pierre Bordazarre izenez, Irurin (Zuberoa) jaiotako kantagile, idazle eta bertsolaria izan zen. Lanbidez, artzain eta laborari jardun zen urteetan. Obra oparoa osatu zuen Irurik, batez ere, pastoral eta kanta idazketan nabarmenduz. Berak sortutako 107 kantu liburu batean batu zituen, hauen artean daude, besteak beste, Agur Xiberoa eta Oi ama Euskual Herria abestiak.

Xalbador eta Iruri maiz izan ziren batera kantuan. Irurik Urepeleko bertsolariaren obra asko miresten zuen, baita Xalbadorrek Etxahunen kantagintza ere.

Kantuz, hitzaldiz eta bertsoz osatutako egitaraua

Urriaren 18-19ko astebururako egitarau anitza antolatu du Deiadar elkarteak. Larunbat iluntzean emango diote hasiera, François Rossek eta Mixel Etxekoparek Transhumantzia kantaldiarekin.

Ekitaldi nagusiak, ordea, igandean egingo dira. Xalbadorren etxolaranzko ibilbidea izango da egunaren hasieran, eta jarraian meza. Ostean, Jean Mixel Bedaxagar, Allande Etxahun, Mixel Etxekopar eta Luxi Etxekoparrek Etxahun Iruriren inguruko hitzaldia emango dute.

Bertsolariak izango dira nagusi arratsaldean. Zuberoako Ibai Kapo eta Joanes Etxeberria arituko dira aurrena, eta jarraian, Maialen Lujanbio, Juan Joxe Loidisaletxe, Sebastian Lizaso, Jose Luis Gorrotxategi eta Amets Arzallus.

Horretaz gain, herri kirolak, Larraineko dantza eta Iruriri buruzko bideo emanaldia ere izango dira, besteak beste.