argia.eus
INPRIMATU
ETSk 1,2 milioi euro esleitu zizkion Sener enpresari kontratua lizitatu aurretik, EH Bilduk salatu duenez
  • Euskal Trenbide Sareak azterlan bat lizitatzeko baldintza teknikoen pleguaren dokumentuan Sener enpresaren izena ageri zela salatu du EH Bilduk. Koalizio abertzaleak notario aurrean ziurtatu zuen lana enpresa horri esleituko zitzaiola, eta halaxe egin zuen ETSk.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko uztailaren 08a
Dokumentuaren ezaugarrietan ageri da Sener enpresaren izena, \"contrato Sener\"

EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarrona eta Unai Fernandez de Betoñok ETSk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trenbide sareko azterlan bat esleitzeko orduan egindako ustezko irregulartasunak salatu dituzte ostegun honetan.

ETSk 1,2 milioi euro esleitu zizkion joan den maiatzean Sener enpresari lehiaketa publiko baten bidez, baina EH Bilduko ordezkariek azaldu dutenez otsailetik zekiten hala izango zela eta notario aurrean ziurtatu zuten gainera. Otsailaren 2an Jaurlaritzaren sozietate horrek publiko egindako lizitazioan, baldintza teknikoen pleguaren dokumentuan (pdf) "contrato sener" ageri zela baieztatu dute legebiltzarkideok: "Antza, pdf-aren metadatuak ezabatzea ahaztu zitzaien eta dokumentuaren propietateetan argi agertzen da informazio hori", esan du  Unai Fernandez de Betoñok. Areago, uste dute dokumentu horietan agertzen diren pertsonaren lehen hizkiak Sener enpresako langile batenak direla.

Euren ustez, horrek frogatzen du lizitazioa "ad hoc" egina zegoela Sener enpresaren zerbitzuak kontratatzeko, eta lanak modu irregularrean esleitu zituela ETSk 1,2 milioi eurotan (hasierako lizitazioa 1,5 milioi eurokoa zen), aurrez jakinda zeini emango zion dirua. Lizitaziora sei enpresa aurkeztu ziren, eta hain zuzen Senerrek irabazi zuen lehiaketa, nahiz eta objektiboki puntuazio baxuagoa izan, irizpide sujektiboen ondorioz.

"Zantzu guztien arabera, plegua ez du Eusko Jaurlaritzak egin, Sener enpresak baizik, hori horrela gertatu bada ez da batere normala, berdintasun printzipioa urratzen baitu", esan du Fernandez de Betoñok. Hain justu, legebiltzarkideak gogorarazi du duela gutxi Espainiako Estatuko Merkatu eta Lehiaren batzordeak, CNMCk, 22 aholkularitza enpresa zigortu dituela kontratu publikoetan iruzurra egiteagatik, 6,3 milioi euroko isuna ipinita kartel moduan aritzeagatik.

"Kasu hau konfirmatuko balitz, oso larria litzateke, frogatuko luke CNMCk zigortu dituen iruzurrezko praktikak nahiko hedaturik daudela kontratazio publikoetan, administrazio, instituzio eta arduradun politiko batzuek praktika horiek ezagutzen dituztela eta konbinentzia gradu bat dagoela", azaldu du Josu Estarronak. Hala, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuari azalpenak eskatuko dizkiotela iragarri dute.

ETS: "Plegua zaharra zen"

Salaketa horren aurrean Euskal Trebide Sareak oharra kaleratu du, EiTBk bere webguneko gaztelaniazko edizioan argitara eman duenez, eta azaldu du dokumentuak aurreko "plegu zahar batean" oinarritua zegoelako zuela izen hori eta "barruko akats bat" baino ez dela izan.

Gainera, dokumentuak ageri diren lehen hizkiak ETSko arduradun batenak direla ziurtatu du, eta ez Senerreko langile batenak, talde parlamentario abertzaleak esan duen moduan. Hala, EH Bilduri egotzi dio "ondorio interesatuak" ateratzea.