argia.eus
INPRIMATU
Etsipenez eta amorruz
  • Público egunkari digitalean irakurria: Guardia Zibileko zuzendaria Guerrilleros de Cristo Rey taldekoa izan omen zen, Ferrolen, 70eko hamarkadan.

Jon Alonso 2015eko apirilaren 14a

Hainbat lekukok salatzen dute artikuluan, izen-deiturekin salatu ere. Garai horiek ezagutu genituenontzat, salaketa guztiz sinesgarria da; gutako askok antzeko lekukotasunak emango lituzke hemen bertan kate, palo eta inoiz pistolaren batekin ibiltzen ziren talde ultraeskuindar horiei buruz. Berdin azalduko genuke nola agertzen ziren manifestazioetan edo ekitaldi publikoetan, kolpeak banatuz eta jendea beldurtuz. Edo nola egiten zieten eraso pertsona bakartuei, esbastikak militanteen larruan labanaz eginda. Edo nola suntsitzen zituzten (eta dituzten!) gustuko ez duten ideologia politikoaren aldeko monumentu, agerpen, edo sinboloak oro.

Berdin azalduko genuke sekula ezin zela ezer frogatu, ezin izan zela ezer egin haien aurka, zigorgabetasun osoz ari baitziren; Estatuaren indar errepresiboen babes osoarekin ari zirelako, jakina.

Orain irakurtzen dut Públicok ematen duen berria eta tristura alimale batek bereganatzen nau. Ez, ez da anekdota bat. Ez, ez da kasualitate bat. Denok dakigu zer den, izendatzen ausartu ohi ez bagara ere.

Urteak joan, urteak etorri, iraultza teknologiko oso bat gertatu da, aldatu dira gauza denen eta gu denon itxurak, estatu berrien sorrerak mapak itxuraldatu dituzte, indar-harreman bestelakotuetatik nazioartean hitzarmen berriak jaio dira… baina faxismo espainiarrak hor dirau, estatuaren muinari atxikia, goroldioa harriari legez.

Eta hau dena diot Berria egunkariak ekarri zuen albisteak barren-barrenetik ukitu ninduelako: Joan Mari Torrealdai, zerbait bada guretzat, duintasun eta zintzotasun intelektualaren ikurra da. Ohiko interes material pertsonalen gainetik ari denari zor zaion autoritate moralaz jantzitako erreferente bat.

To, zer diren gure erreferente moralak torturatzaile batentzat: erregela batekin nahi erara zirikatzen ahal dituen testikulu bi.

Eta antza denez, berrogei urte geroago, inork ezin dio horri erremediorik jarri. “Agenda politikoan” beste gauza batzuek dute “lehentasuna”.