Gasteizko udalaren autobus zerbitzuko gidari batek bi emakumeri irain arrazistak zuzendu zizkien larunbatean. Tuvisak informazio-espedientea ireki dio langileari, eta udalak ikerketa abiatu du.
Herritar batek zabaldu du gertatutakoaren bideoa Instagramen. Bi emakumeren eta gidariaren ahotsak entzuten dira. Emakumeek azalpenak eskatzen dizkiote esanez ez dela geralekuan gelditu beraiek hartzeko. Gizonezko gidariak hainbat irain zuzentzen dizkie, horietako batzuk arrazistak: “Lotsagabeak”, “etorri zareten tokian geratu behar zenuten”, “gizatxarrak”, “ea medizinetan gastatzen duzuen duzuen diru guztia”.
Hau da Instagramen salaketa egin duen herritarraren kontakizuna: “Gaur, autobus gidari rastadun espainiar batek bi emakume beltz diskriminatu ditu Salburuako 5. linean. Autobusa gelditzeko zain zeuden, baina gidariak ez zien jaramonik egin. Handik gutxira, semaforoa gorri zegoelako geratu zen autobusa. Beraz, bi emakumeak autobuserantz joan ziren korrika, bidaiatu ahal izateko. Autobusera sartzean, eskua igo zutenean gelditu ez zelako galdetu zioten. Gizonak erantzun zien ez zutela eskua jaso eta irainka hasi zitzaien, lotsarik gabe, 'lotsagabeak, putakumeak'... Gidaria emakumeetako batengana hurbildu zen eta oihu egin zion”.