argia.eus
INPRIMATU
Lurtaro
Etorkizuneko elikadura gaurtik eraikitzeko proiektua Tolosaldean
  • Hainbat esparrutan lanean ari ziren zenbait herritar elkartu eta Lurtaro elkartea sortu dute Tolosaldean. “Herrigintzatik eta elikadura burujabetzaren aldeko borroketatik datoz gutako batzuk, eta beste zenbait ekoizleak dira”, azaldu du Maddi Sarasola Eizmendi kideak. Izaera desberdinekoak izanik ere, kezka berak batu ditu: egun nagusi den elikadura sistemak, eta horrek lurraldean eta bizitzetan duen eraginak. Ardura horretatik abiatuta, eskualdeko kontsumo eta ekoizpenaren inguruko lanketa abiatu dute, eta herriz herri ekarpenak jasoz, proposamen konkretua osatzen ari dira orain. Heziketa egiteaz gain, teoria praktikara eramateko ari dira lanean.

Garazi Zabaleta 2021eko abenduaren 23a

28 herriko eskualdea izanik, bazekiten erronka zaila zutela esku artean, ez baitute herrietan jada martxan dauden proiektuentzat oztopo izan nahi. Alderantziz. “Denda bat geneukan buruan, zentralizatua izanen zena, baina ikusi genuen eskualdeko herri txiki askotan ere hausnarketa betean zeudela, herriko bizitzari nola eutsi aztertzen eta maila txikiagoko proiektuak martxan jartzen”, dio. Esaterako, eskualdeko zenbait herritan ekonomatoak sortu dituzte tokiko produktuen bueltan, edo ostatuetan dendatxoak jartzen ari dira… Egitasmo txiki horiek guztiak biltzeko txapela izanen litzateke Lurtaro, bultzatzaileen ustez.

Proiektuari forma ematen orain ari badira ere, hiru ildo nagusi zehaztuak dituzte: kontsumo kooperatiboa eta ekoizpen kolektiboa bultzatzea dira lehen bi hankak, eta biltegiarena, hirugarrena. “Dendaz harago, biltegi partekatu bat egitea da ideia, eskaerak egiteko bide errazago bat lortzeko”. Hain zuzen, ekoizle txikien arazoetako bat izaten da banaketa, toki askotatik jasotzen dituzten eskaerei erantzuteak lan handia eskatzen baitie. Produktuen biltokiak, ekoizleei eta herrietako ekonomato, denda nahiz kontsumitzaileei emango lizkieke erraztasunak.

Trantsiziorako bide

Etorkizuneko elikadura osasuntsu baten oinarriak finkatu dituzte Lurtaroko kideek beren proposamenean, beti ere, elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren gakoetan: “Badirudi eredu oso perfektuaz ari garela, baina gu epe luzera begira ari gara hizketan, horrela behar duela uste dugulako. Eta jakinda trantsiziorako proposamenak ere behar direla”. Trantsizio horretako proiektu gisa ulertzen dute haiena ere, baina kontzeptuak eta oinarriak ongi finkatu nahi izan dituzte: “Gaur egungo terminologia nahasketak kezkatzen gaitu; badirudi dena dela Km0, dena dela jasangarria…”.

Urrian hasi ziren elkarteko kideak herriz herri proiektua aurkezten eta ekarpenak jasotzen, eta pozik daude orain arte jasotako erantzunarekin. “Prozesua bera polita ari da izaten”, dio Sarasolak. Eskualdeko ekoizleekin eta tokiko erakundeekin ere biltzen ari dira. Urte berriarekin batera, errondarekin amaitu eta kooperatiba sortzeko lan saioei ekitea aurreikusten dute.