Bizieskola ekimenaren bitartez Gasteizko Eraman kooperatiba ikastetxeetako umeak trebatzen hasi da ikasturte honetan, hirian bizikletaz segurtasunez eta modu independentean ibiltzeko. Gasteizko Udalarekin batera parte hartzen du ekimenean, eta kooperatibako kideek ikastetxeetako umeei eskolak ematen dizkiete. ARGIAk Eramaneko kide diren Paul Iano eta Peter Pla-rekin hitz egin du.
Zama-bizikletekin garraio-zerbitzu integralak egiten dituen Gasteizko Eraman kooperatiba Bizieskola ekimenean parte hartzen hasi da aurtengo ikasturtean Gasteizko Udalarekin batera. Ekimenaren bitartez helburua “umeak bizikletaz seguru senti daitezen eta hirian modu independentean ibil daitezen sustatzea” dela adierazi du ARGIAko kolaboratzaile eta Eraman kooperatibako sortzaileetakoa den Paul Iano-k. Iano-k nabarmendu du formakuntza-lana egiteaz gain, kooperatibaren helburua umeak bizikletan eroso sentitzea eta ondo pasatzea dela.
Eraman kooperatibako kideek ikasturteko aste guztietan bizikletan ibiltzeko eskolak ematen dizkiete askotariko adina duten umeei, astelehenetik ostegunera goizez. Astero Gasteizko bi ikastetxetan izaten dira, eta astero 40-60 umeri eskolak ematen dizkiete. Iano-k aipatu du eskolak emateko adin jakin bat zehaztu nahi dutela, eta hiriko ikastetxe guztietan klaseak ematen ez dituzten arren, ahalik eta ume gehienengana iritsi nahi dutela.
Eramanek bizikletaren kultura sustatu nahi du, kirola egiteko edo lanerako tresna izatetik haratago. Iano AEBetan jaioa da, eta aipatu du gaztetan bere ikastetxean bera zela bakarra bizikleta garraiobide gisa erabiltzen zuena. AEBetako Seattle hirian hainbat aldiz harrapatu zuten bizikletan zihoala, hiriko erdigunea bere etxetik ordubetera zegoen bizikletan. Iano-k nabarmendu du Gasteizen bizikletaz ibiltzeko azpiegitura dagoenez, gero eta gehiago hobetzen ari denez, eta oinezkoentzako eta bizikletentzako espazioa gehitzen ari denez, ume horiek eroso ibil daitezen trebatzea interesgarria iruditu zaiela.
Umeak hirian modu seguruan ibiltzen irakasteaz gain, Eramaneko kide Peter Pla-k azpimarratu du ekimen inklusiboa dela, eta desgaitasun fisikoak dituzten umeek ere bertan parte hartzen dutela. “Beraiek ere bizikletak erabiltzeko gai sentitzen dira”, aipatu du Pla-k. Iano-k kontatu du eskolak eman dizkion umeetako batek hanketan desgaitasun bat duela eta beti patinetean zihoala ikusten zuela, baina ikaskide guztiak bizikletan ikusi zituenean, bera ere animatu egin zela aipatu du, eta Iano eskolak ematera joan zen hurrengo egunerako, umeak bere kabuz ikasi zuen bizikletan ibiltzen. “Txundituta” geratu zela esan du, eta azaldu du kasu horretan ume horrek bizikletan ibiltzea ikastea baino “motibazio eta inspirazio apur bat” behar zuela.
Lan kooperatibista, tokiko merkataritza bultzatuta “era jasangarri eta etikoan”
Iano-k nabarmendu du Bizieskola ekimena Eramanen balioekin bat datorrela, eta ekimenean era kooperatibista batean parte hartzea erabaki dutela, beste leku batzuetan horrelako ekimenak “enpresa pribatu kapitalistak edo Polizia” hartzen ari direlako. Iano-k era kooperatibistan lan egiteko hautuaren zergatia azaldu du: “Horrela bizitzea gustatzen zaigu, eta nik arau normalak, profesionalak eta hierarkikoak dituen enpresa batean lan egin nahi banu, beste zerbaitetara joko nuke. Baina azkenean, enpresa kolaboratibo batean lan egin nahi dugu”. Eramanek “era jasangarri eta etikoan” eta bertako komertzioa bultzatuta, banaketa profesionalizatzea bilatzen du, eta kooperatibak besteak beste tokiko-saltokietako produktuak, prentsa –horien artean, ARGIAren astekaria– edo paketeak banatzen ditu.